Carlos Soria alpinistak hartuko du parte Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatzeko ekitaldian

Barren 2024ko aza. 12a, 12:48

Carlos Soria Himalaiako Ama Dablam mendia atzean duela.

Abenduaren 18an banatuko dituzte 2024ko Kirol Federatuaren Urteko Sariak, baina aurrez, euren hautagaitzak aurkeztu beharko dituzte Elgoibarren dauden 18 kirol elkarteek. Udal Kirol Patronatuak aurreratu duenez, Carlos Soria alpinista izango da sari banaketa aurretik egiten duten solasaldiko gonbidatua.

Herriko kirol taldeek azaroaren 19rako aurkeztu behar dituzte hautagaitzak, Udal Kirol Patronatuta mezua bidalita. Mezuan zehaztu behar dituzte sarituaren izena, abizenak eta saria ematearen arrazoia. Kirol elkarteei laguntze aldera, honako irizpideak aintzat hartzeko eskatu diete antolatzaileek klubei:

  • Pertsona bakarra proposatu behar da.
  • Aurreko edizioren batean saria jaso duenak ezingo du bigarren aldiz saria jaso.
  • Kirolaria, kirolari ohia, entrenatzailea, zuzendaria, laguntzailea, babeslea, edo klubaren ibilbidean zerikusia izan duen edozein pertsona proposatu daiteke saria jasotzeko.
  • Emakumeen presentzia bermatu behar da.

 

Carlos Soriaren solasaldia

Ohitura duten moduan, kirolaren inguruko solasaldi batekin jantziko dute Udal Kirol Patronatuak antolatzen duen sari banaketa ekitaldia, eta Carlos Soria alpinista (Avila, Espainia, 1939) ezaguna izango da aurtengo gonbidatua. 85 urte eduki arren, Himalaiako menditzar handiekin amesten segitzen du, eta hamalau zortzimilakoak osatzeko falta zaizkion bi mendiak igotzeko ahaleginean dihardu. Dhaulagiri eta Shisha Pangma dira zortzimilakoen zerrendan zapaltzeke dituen tontorrak. Hain zuzen, Dhaulagirira igotzeko azken saiakeran lesio larria izan zuen, 7.700 metrotan zegoela eta tibia eta peronea hautsi baitzituen. Erronka osatzeko gogo eta ilusioarekin seitzen duen arren, lesiotik osatzen eman ditu azken hilabeteak.
Mendizalea betidanik izan den arren, 60 urtetik aurrera hasi zen zortzimilakoei erreparatzen. Igoak dituen hamabi zortzimilakoetatik hamar adin horretatik aurrera igo ditu. 62 urterekin igo zuen Everest (8.848 metro), 65ekin K2 (8.610 metro), 75ekin Kanchenjunga (8.586 metro) eta, 77 urterekin, Annapurna (8.091 metro). Baina Makaluko (Nepal, Himalaia, 8.463 metro) igoera du bereziki gogoan, 69 urterekin lortzeaz gainera oxigenorik gabe eta lehen saiakeran lortu zuelako tontorra egitea. K2 (65urte), Broad Peak (68 urte), Makalu (69 urte), Gasherbrum I (70 urte), Manaslu (71 urte), Kanchenjunga (75 urte) eta Annapurna (77 urte) mendiak igo dituen alpinistarik zaharrena da.

∞Lotura duten albisteak: