23 lagun saritu dituzte 2023ko Kirol Federatuaren Urteko Sarietan

Barren.eus 2023ko abe. 20a, 20:38

Ohi duten moduan, musika eskolako auditoriumean egin dute Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatzeko ekitaldia. Guztira 23 sari banatu dituzte, horietako bost Udal Kirol Patronatuak emandakoak.

Kirolaren inguruko mahai-inguru bat antolatzeko ohitura du Udal Kirol Patronatuak eta gaurkoan ere egin dute solasaldia sariak banatzen hasi aurretik. Buruko osasunaz eta kirolaz berba egin du Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak.

Elgoibarren 20 kirol elkarte daude eta 1.500 pertsona inguru daude federatuta. Azken urtean nabarmendu diren kirolari, entrenatzaile, laguntzaile, zuzendaritzako kide edo babesleak saritzen dituzte Udal Kirol Patronatuak eta herriko kirol taldeek elkarlanean antolatzen duten Kirol Federatuaren Urteko Sarietan, eta aurten 23 lagunek jaso dute aitortza. Kirol Patronatuak ematen ditu sarietako batzuk, eta inoiz baino gehiago banatu dituzte aurten, bost guztira. Honakoek:

  • ELI GUTIERREZ: 80. hamarkadan hasi zen txirrindularitzan lehiatzen, 9 urte zituenean. Emakumezkoen txirrindularitzan aitzindaria izan zen, eta gizonekin lehiatzen zen arren, emaitza "oso onak" lortu zituen Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako mallotarekin. Hamar urtean aritu zen, gaixotasun batek bizikleta lagatzera behartu zuen arte. Lorpen asko izan zituen baina agian nabarmenena Bergamon, Italian, ospatu zen Munduko txapelketan lortu zuena izan zen. Lasterketako ihesaldian sartu zenean, aurreko gurpila estolda-zulo batean sartu eta lurrera erori zen. Kolpearen ondorioz sorbalda bere lekutik atera zitzaion arren, helmugara iristea lortu zuen, eta munduko txapelketa bat bukatzea lortu zuen aurreneko emakumezko txirrindulari euskalduna da ahrrezkero.
  • ANDDE ELIZBURU: Elgoibarren sortu berri duten Ipar Irrintzi iraupen-eski taldeko kidea da 13 urteko gazte elgoibartarra. Azken hiru urteetan "emaitza oso onak" eskuratu ditu Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan. Aurten, besteak beste, urrezko dominak irabazi ditu Euskadiko eta Espainiako txapelketan.
  • SARA ETURA: Elgoibar Kirol Elkartean lehen urratsak eman eta gero, Realak fitxatu du aurten futbolari gaztea. Talde txuri-urdinaren kadete taldean jokatzen du eta 15 urtez azpiko Euskadiko futbol selekzioaren deia ere sarritan jaso du.
  • OIHANA AGIRREGOMEZKORTA: Elgoibar Kirol Elkartean hasi zen futbolean, eta Urki eta SD Eibar taldeetatik igaro ostean, Athletic de Bilbao klubeko bigarren eta hirugarren taldeetan jokatzen ari da 19 urteko aurrelari elgoibartarra.
  • ALEX BERGUA: Pilotan eta mendi lasterketetan aritzen den elgoibartar gaztea beti prest dago elkarte desberdinetan eta antolatzen diren ekintzetan laguntzeko.

 

 

 2023 12 20 kirol sariak guztiak zuhaitz gurrutxaga BARREN

∞Lotura duten albisteak: