Hiru Espioiak taldeak irabazi du Elgoibar Koloretan lehiaketa

Barren 2024ko abe. 2a, 18:08

Miren Astigarragak, Iraide Rovirak eta Nerea Ainsak osatutako Hiru Espioiak izeneko taldeak Elgoibarri buruz asko dakiela erakutsi zuen zapatuan jokatu zuten Elgoibar Koloretan lehiaketan.

Elgoibarko Izarrak 2008an kaleratu zuen partxis-tribiala da Elgoibar Koloretan mahai-jokoa. Partxisa dago jokoaren oinarrian, baina fitxarekin aurrera egiteko Elgoibarren gaineko galderak asmatu behar dira. 2009an ere egin zuten jokoan oinarritutako lehiaket abat eta bigarrengoz antolatu dute orain, baina berezitasun batekin: 16 eta 30 urte bitartekoek parte har zezaketen lehiaketan. Izan ere, Elgoibarko gazteen artean euskalduntasuna sustatzeko ekintzak antolatzen dituen ZZ NagiaKentzen taldeak eta Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak antolatu dute Elgoibar Koloretan lehiaketa, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan; 'Elgoibarko Turra historikoa' ekimenaren barruan.

Lau orduz jokoan

Lehiaketarako 21 lagunek eman zuten izena, eta zortzi taldetan banatuta aritu ziren lehian, Aita Agirre Kulturgunean. Lau ordu zeramatzatenean lehiaketa etetea erabaki zuten antolatzaileek, gehiegi luzatzen ari zela-eta. Ordura arteko sailkapena kontuan hartuta, Hiru Espioiak taldeak izan zen irabazlea. 200 euroko saria irabazi zuen Miren Astigarragak, Iraide Rovirak eta Nerea Ainsak osatutako hirukoak. Bigarren sariko 150 euroak Markel Goenagak, Nagore Sanzek eta Alex Berguak osatutako Galdutak taldeak eskuratu zuen. Hirugarren sarirako berdinduta amaitu zuten bi taldek, eta biek jaso zuten saria: Joli (Imanol Arantzamendi, Jone Arriola eta Leire Astigarraga) eta Ane, Terese eta Elene (Sara Arriola, Eider Garate eta Naia Makazaga) taldeek.

Bideoa: Atxutxiamaika eta ZZ NagiaKentzen taldea.