Elgoibar Koloretan jokoaren lehiaketa antolatu dute Elgoibarko Turra Historikoa ekimenaren baitan

Barren 2024ko aza. 15a, 14:52

Elgoibarko Tourra Historikoa antolatu dute azaroaren 30erako ZZ NagiaKentzen taldeak eta Atxutxiamaikak, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan.

Elgoibarko gazteen artean euskalduntasuna sustatzeko ekintzak antolatzen dituen ZZ NagiaKentzen taldeko kidea den Sarai Sagasta (Elgoibar, 2000) historialari elgoibartarrak gidatuko duen bisita gidatuarekin hasiko dute Elgoibarko Tourra Historikoa, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duten ekimena.

Kalegoen plazatik abiatuko dute 11:30ean herriko historian barrena egingo duten bisita gidatua, toki esanguratsuetan geldialdiak eginez, Sagastaren azalpenak (turra) entzuteko. 13:00ak arte iraungo du iraganrera egingo duten bisitak. Jakin-nahia ase ostean, sabela betetzera joango dira parte hartzaileak, pintxo bazkaria egingo baitute Aita Agirre Kulturgunean, 14:00etan. Aurrez, baina, Euskaraldiaren hamaikakoa aurkezteko ekitaldira joango dira. Aita Agirre Kulturgunean aurkeztuko dute hamaikakoa, 13:00etan. Parte hartzeko ez da izenik eman behar.

Elgoibar Koloretan lehiaketarako izen-ematea zabalik

Arratsalderako, berriz, Elgoibar Koloretan lehiaketa antolatu dute. Elgoibarko Izarrak 2008an kaleratu zuen partxis-tribiala da Elgoibar Koloretan mahai-jokoa. Partxisa dago jokoaren oinarrian, baina fitxarekin aurrera egiteko Elgoibarren gaineko galderak asmatu behar dira. 16 eta 30 urte bitartekoek parte har dezakete lehiaketan eta zabalik dago izena emateko aukera, honako loturan datuak emanda. Banaka edo hiru lagun arteko taldeetan lehiatu ahal izango da. Gainera, jokoan trebatu edo entrenatu nahi dutenentzako aukera emango diete antolatzaileek. Mahai-jokoak banatuko dizkiete, debalde, Elgoibarko Izarraren bulegoan, eskatzen dutenei. Aita Agirre Kulturgunean egingo dute lehiaketa,16:00etan hasita.
Hiru sari banatuko dituzte:

  1. saria: 200 €
  2. saria: 150 €
  3. saria: 100 €

Duela urte batzuk ere antolatu zuten era honetako lehiaketa bat. Berrogei lagunek, 15 bikotek eta 10 norbanakok, parte hartu zuten estreinako Koloretan mahai-joko txapelketan, 2009ko San Anton egunean. Julene Alberdi eta Ibon Arriolak gailendu ziren.