21,5 milioiko aurrekontua onartu du Elgoibarko udalbatzaren osoko bilkurak 2025erako

Barren 2024ko aza. 27a, 17:41

Elgoibarko udalbatzaren osoko bilkurak 21.486.483,51 milioiko aurrekontua onartu du 2025erako, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu du, norabide eta anbiziorik gabeko aurrekontuak direla argudiatuta.

Datorren urteko aurrekontua 2024koa baino %10,7 txikiagoa izango da, eta horrela banatu dute: Antolaketa: 6.076.677,50 euro (% 28,28); Herritarrak: 7.059.755,83 euro (% 32,86) eta Lurraldea: 8.350.050,68 euro (% 38,86).
Aurrekontua sailka aztertuta, Gizarte Ongizate arloak %18ko igoera izan du. Aurrekontua handituta kolektibo kalteberei laguntzeko programak zabaldu ahal izango dituztela azaldu dute Udaletik, eta indartu egingo dituztela etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta gizarte-larrialdietarako laguntzak. 
Kultura eta Euskara Sailek %2 egin dute gora. Gazteriak, aldiz, %5eko jaitsiera izan du. 2024an ludoteka berria Bolatokiko parkean eraikitzeko lanak amaitu ondoren, arlo horretako aurrekontu-beharrak murriztu egin direla datorren urterako arrazoitu dute. 

Onartutako udal aurrekontuarekin hainbat inbertsio egin ahal izango dituztela jakinarazi dute, hona aipagarrienak: 

  • Urazandiko zubia: 643.541,64 €
  • Ur hornidura Sallobenten: 400.000 € 
  • Bide publikoak konpontzea: 200.000 €
  • Udal-komunitate energetiko bat sortzea: 140.397,92 €
  • Landa-eremuetako lanak: 210.000 €
  • Haur-parkeak berritzea: 40.000 € 
  • Gizarte-baliabideak handitzea: 35.000 €

Igoerak diru-sarreretan eta jasangarritasun ekonomikoan
Udalak hainbat arlotan diru-sarrerak handitzea aurreikusten du:

  • Zuzeneko zergak % 10 igoko dira, ondasun higiezinen, ibilgailuen eta jarduera ekonomikoen kontribuzioak barne.
  • Tasek eta zerga espezifikoek % 12 egingo dute gora, eta hiri-hondakinen bilketa izango da partida nagusia.
  • Gipuzkoako Foru Funtsaren transferentziak % 5,77 haziko dira, eta 10.335.000 €-ra iritsiko dira. Kapital-transferentziak, berriz, % 13 igoko dira, eta babes handia izango dute Autonomia Erkidegoak ( % +51) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ( % +39).

Azaroaren 26ko ohiko osoko bilkura bideoan:

Lotura duten albisteak: