Elgoibarko Udaleko Udal Gobernuak 21,5 milioiko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen 2025erako joan zen astean, iazkoa baino %10 txikiagoa, eta proposamen horri "anbiziorik eta norabiderik gabea" iritzi dio EH Bilduk: "EH Bildutik uste dugu lehentasunezkoa dela aurrekontuei norabide eta zentzu bat ematea, benetako plangintza batetik abiatuta, udal eremu ezberdinetan nora, nola eta noiz iritsi nahi dugun zehaztu ahal izateko". EH Bildutik esan dute hainbat ekarpen egin zizkiotela aurrekontu proposemari "kontinuista eta asmo gutxikoa" iruditzen zitzaielako eta "norabide bat" eman nahi ziotelako. EH Bildutik diote udal gobernuaren kudeatzeko moduak balio dezakeela arazo zehatzei erantzun zehatzak emateko, baina ez duela balio hartutako neurriek epe ertain eta luzera izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzeko. Elkarteentzako lokal pribatuak erosi beharra aipatu dute adibide gisa: "Azpiegitura publikoak xahutzen joan da, herriaren errealitatea eta beharrak kontuan hartu gabe".
Udal Gobernuaren partetik erantzun positiborik jaso ezean, ez dituztela aurrekontuak babestuko ere aurreratu dute.
BILDUREN PROPOSAMENAK
Trantsizio ekosoziala:
• Mugikortasunean eta irisgarritasunean eragina duten faktore guztiak kontuan hartuko duen udal-mugikortasuneko epe luzeko plan integral bat osatzea (garraio publikoak, herribusa, bide gorriak, aparkalekuak, lurraren antolamendua…).
• Epe motzean herribusa doan jartzea eta auzo guztietara zabaltzea.
• Babesleku klimatikoak sortzea, egun dauden berdegune urriak hedatu eta mendi bideak mantendu eta berreskuratuz.
• Lur publikoak erosteko partida handitzea.
Etxebizitza politika
• Etxebizitza arazoari sakon aurre egingo dion epe luzeko plan bat egitea, plan kuantifikatua (zenbat etxebizitza publiko berri, zein erregimenetakoak), periodifikatua (urtero zenbat, zenbat urtez) eta legeek ahalbidetzen dituzten aukera guztiak erabiliz (alokairuen mugatzea, etxe hutsen aktibazioa eta abar).
Ekonomia publikoa
• Etxez etxeko zerbitzuaren publifikazioaren bideragarritasuna aztertzea.
• Hezkuntza eta kulturarekin lotutako sorkuntza tailerrak (eskultura, argazkia, eskulanak…) zerbitzu publiko gisa eskaintzea.
• Larrialdiko oinarrizko zerbitzuak bermatzea etxerik gabeko edo baztertutako egoeran dauden pertsonei.
Azpiegiturak
• Ur hornidura zerbitzua ez duten landa auzo guztietara eramateko plangintza.
• Komun publiko berriak toki egokietan ezarri eta egoki mantentzen direla ziurtatzea.