Nola bururatu zitzaizun Mirariak magia jaialdia antolatzea?
Azken urte hauetan batetik bestera ibili naiz ikuskizunak ematen eta beste mago asko ezagutu ditut. Portugaleterako jaialdi bat antolatu genuen, eta iruditu zitzaidan polita izan zitekeela Elgoibarren horrelako bat egitea. Herrian oso ondo hartu izan naute beti, jendeari gustatzen zaio magia, tabernariek ere beti zabaldu izan dizkidate ateak... Udalari komentatu nion nire ideia, eta hasieratik eman zidaten babesa.
Gertuko magian oinarritutako jaialdia izango dela diozu. Zertan datza?
Gertuko magian onenak gara Espainiako magoak. Blackpool-en (Erresuma Batua) egon nintzen magia kongresu batean, eta Espainiako magoei buruz hitz egiten egon ziren uneoro, eta bereziki nabarmendu zuten gertuko magia egiten daukagun abilezia. Orduan hori egin nahi dut oraingoan. Magia oholtza gainean ikustea areto handi batean ondo dago, baina trukoak gertutik eta formatu txikian ikustea oso interesgarria iruditzen zait. Horregatik aukeratu dut Aita Agirre kulturgunea hainbat saiotarako. Edukiera mugatua dauka, eta agian motz geratu daiteke, baina espero dut ezetz. Umeen tailerretarako ere talde txikiak dira hobeak, gehiago ikasten dutelako. Pentsatzen dut nahi duten guztiek izango dutela asteburuan magiaz gozatzeko aukera, eta bestela, datorren urtean antolatuko dut berriro.
Magia udaleku batean hasi zen abentura hau, baina dagoeneko Niala magoak lortu du izena hartzea magiaren munduan. Zertan diharduzu une honetan?
Bai, 12 urte nituen. Magia Borras jolasa oparitu zidaten eta nire jolasik gustukuena bilakatu zen. Amak udarako magia udalekuak topatu zituen, eta hara joan nintzen. Egunero etortzen zen magoren bat trukoak erakustera, eta liluratuta itzuli nintzen handik. Mago izan nahi nuela esan nuen etxean. Gero magia ikasketak egin nituen Bilbon. Imanol Ituño izan zen nire irakasleetako bat, eta gaur egun berarekin ibiltzen naiz magia egiten. Lan handia egiten ari naiz, eta pozik nago. Azkenaldian saio askotarako deitzen didate, eta esan dezaket une honetan magiatik bizitzen ari naizela, gurasoen etxean oraindik, baina badauzkat diru-sarrera batzuk. Oso lan ezegonkorra dau hau, hilabete batean lan pila bat egiten duzu eta hurrengoan ezer ez, baina kulturgintzako gainerako sektoreetan ere gauza bera gertatzen da. Dena dela, oso pozik nago. Asko mugitzen ari naiz, lan komertzial handia egiten dut nire burua saltzeko, saiatzen naiz magia kongresuetan parte hartzen jendea ezagutzeko, kontaktuak egiteko... Artista izaten ikasten ari naiz, mundu hau gorabehera handikoa delako. Mago askok esan izan didate magiarekin gozatu arren sarri pentsatu izan dutela lagatzea, baina nik oraindik badaukat honi eusteko energia. Mago asko gaude Euskal Herrian, eta Madrilen zer esanik ez, baina magia euskaraz egiten dugunok ez gara hainbeste. Mugituz gero, lekua egitea badago.