Kontzertuak eta magia jokoak izango dira domekara bitartean Gastrorock ekimenaren baitan

Barren 2024ko aza. 14a, 13:52

Akerbeltz taldekoak San Bartolome jaietako Gazteen Egunean Maalan eman zuten kontzertuaren amaieran. Arg: Akerbeltz.

Gaur hasiko da Elgoibarko Aizu! gastronomia elkartekoek antolatu duten Gastrorock astea, eta domekara bitartean rock musikak hartuko ditu herriko kale eta plazak. 

Pintxo poteorako eguna izango da aurtengo Gastrorock asteko aurrenekoa, gaurkoa. Biharko, Rockalean taldearen kalejira antolatu dute, 20:00etatik 22:00ak bitarterako, eta ondoren, Akerbeltz taldeak kontzertua emango du, Maalan (01:00ak arte). 

Zapaturako ere antzerako plana egin dute. Iluntzean, Elgoibarko Patxangoi elektrotxarangakoak ibiliko dira kalez kale 19:00etatik 21:00ak bueltan giroa berotzen, eta gauerako Idoia Azurmendiren kontzertua iragarri dute. Kalegoen plazan izango da kontzertua, 22:30ean hasita.

Domeka eguerdian, berriz, Niala magoa ibiliko da tabernaz taberna magia jokoak egiten.