Aldatzeko nahia

Barren 2024ko aza. 8a, 13:15

Danele Sarriugarte idazleak Berria egunkariko Jira atalean idatziriko iritzi artikuloa ekarri dugu hona.

Hizkeran ez omen zait beti nabaritzen baina Elgoibarkoa naiz izatez; bertan hazia, gaztelar eta bizkaitarren ondorengo. Bollera ere banaiz. Eta gurasoen etxetik joan nintzenetik ez naiz herrian bizi izan. Azken bi puntu horiek badute zerikusirik elkarren artean, asmatuko zenukete zertan? Herritik joan eta gero errazagoa izan zen ia dena niretzat. 

Hizkeran ez omen zait beti nabaritzen baina hibridazioa progresiboa izan da eta Egoitz Arbiolek aspalditik ezagutzen nau, hamar urte bai. Bazekien zer nintzen, eta nongoa, mezu bat idatzi zidanean, Elgoibarko LGTBI+ pertsonen bizipenak biltzen ari zela-eta, elkarrizketa bat egitea onartuko al nuen galdezka. Onartu nuen, eta bihotzez eskertuta nago berarekin eta Hiruki Larroxarekin. Bilketaren emaitza aurkeztuta, titularretako bat da gure herria «itxia, politikoki mugatua eta itxurakeriazkoa» dela uste dugula elkarrizketatuok. Sinatuko nuke gaur ere. Sakon errotutako joerak aldatzeko beharrezkoa da, ekintza bezainbat, aldatzeko nahia (b. hooks), aldaketak gu geu eralda gaitzan prest egotea, eta hori ez du konponduko bandera batek balkoian.

Iturria: Berria