Hiruki Larroxako kide Egoitz Arbiol Albenizek idatzi du liburua. Antropologoa da ikasketaz Arbiol eta besteak beste gizarte ikerlari, hezitzaile eta talde dinamizatzaile gisa ari da pedagogia feministetan, LGBTI+ gaietan eta gizontasun gaietan.
Heteroaraua seinalatzeko egin duzue lana. Azaldu dezagun zer den heteroaraua eta nola eragiten dien LGTBI+ pertsonei.
Indar handiko egitura bat da heteroaraua, eta 'gu' bat definitzen du, 'normala', desiragarria eta betikoa dena, eta aldi berean, 'bestea' seinalatzen du: normala ez dena, araua betetzen ez duena, disruptiboa dena. Egitura horrek, jakina, efektuak ditu herritarrengan, mugatzen duelako zer egin daitekeen eta zer ez, zehazten duelako zer den onargarria eta zer ez, eta markatzen duelako zer irudikatu daitekeen eta zer ez. Beharrezkoa iruditzen zaigu arau hori agerikoa egitea, barneratuak ditugun elementuen inguruan pentsatzen hasteko. Pentsatzen hasi behar gara, norberak zein mailatan betetzen duen heteroaraua, eta baita besteengandik desberdin egiten gaituen hori zalantzagarria dela ere, zalantza benetan leku interesgarria delako eraldaketarako. Gu eta besteen arteko hori hausten denean ateak zabaltzen dira bestearen mina errekonozitzeko, bai eta bestea aitortzeko ere.
Zein da Elgoibarko LGBTI+ pertsonek beren herriaz duten ustea?
Azken urteetan LGBTI+ gaietan normalizazio bat izan dela adierazi dute elkarrizketatuek; 'bestea' onartzeko dinamika bat nabaritzen dela batzuen aldetik eta esparruak gero eta askotarikoagoak direla, baina ez kasu guztietan. Elgoibar herri aske moduan pertzibitzen duten galdetuta, txutxumutxu askoko herria dela uste dute gehienek. Txutxumutxu horien bitartez, komunitatea eta herria egituratzen da, baina, era berean, arauaren barruan eta kanpoan zer dagoen ere adierazten da. Eta elkarrizketatuek uste dute, Elgoibarren, herriaren nortasunetik ateratzen den eta heteroarauak marrazten duen bitartasunetik irteten den oro bihurtzen dela txutxumutxurako bazka. Zentzu horretan, adierazi dute herriaren DNAn indar eraldatzaileek baino gehiago, egonkortzera eta aurretik datorren nortasunari eustera bideratutako indarrek operatzen dutela. Elgoibar nolakoa iruditzen zaien galdetuta, itxia, politikoki mugatua, itxurakeriazkoa eta eredu konkretu baten aldekoa dela esan dute. Heteroarauaren transmisioa oso agerikoa dela diote elkarrizketatuek, eta hala, heterosexualitatea aukera normala eta naturala dela pentsarazten dieten adibibide asko jaso dituztela umetatik.
Elgoibarren "gailentzen den gizontasun eredua" ere sartu duzue heteroarauaren marko erregulatzailean. Nolako gizontasun eredua da?
Ahultasunik erakutsi ezin duena. Testigantzetatik ondorioztatzen da beren genero adierazpena gizontasun eredu hegemonikotik aldendua duten gizonek dutela indarkeria jasateko arriskua. Aldiz, gizontasun hegemonikoari loturiko ezaugarriak betetzen badira, posible dela praktika sexual ez heterosexualak izanda ere indarkeriarik ez jasotzea, betiere, jakina, bere zirkulu intimotik harago ez bada jakiten. Lekukotza batek dio: "Nik uste dut herrian ez direla zigortzen batere jarrera sexualak homosexualitatearen baitan. Hau da, gizonen arteko sexu praktikak ez dira zigortzen. Zigortzen dena da identitate hori, sexu praktikak zigortuko balira ez litzatekeelako bakar bat libratuko. Baina klaro, marika izatea, edo [...] bollera edo... hori da zigortzen dena herrian". Irainen barruan ere, oraindik ohikoena maricón da. Gizontasun eredu zehatz batetik kanpo kokatzen den hori seinalatzeko erabiltzen da gehiago maricón, sexu praktika homosexualak dituen gizona seinalatzeko baino. Maricón hitzarekin gizon batek zer izan behar ez duen adierazten da: gizonak ez du femeninoa izan behar. Irain horiek egiten dituztenak batez ere haur mutilak eta gizon gazteak izaten dira. Era berean, esan behar dugu bollera hitzaren erabilerak indarrean jarraitzen duela topatu dugula. Oso zabalduta dago eta emakumeen genero-adierazpenaren araua hausten duena iraintzeko balio ez duen arren, desberdintasuna markatzeko balio du oraindik.
Jende bat heteroaraura ekartzeko irainak, mehatxuak eta seinalatzeak erabiltzen direla jaso duzue, baina beste dinamika bat ere bada: ukazioa. Zerekin du zerikusia dinamika horrek?
Nortasun, praktika eta adierazpen disidenteen izatea ukatzea ohikoa da. Ukazioaren dinamika horren baitan jaso diren adibideek sexualizatzearekin, baztertzearekin, bakartzearekin, eta ikusezin izatearekin dute zerikusia. Emakume transen kasuan, adibidez, haien nortasun eta gorputzak fetitxizatu eta exotizatu egiten dira; eta emakume lesbianen kasuan, berriz, haien lesbianismoa ukatu egiten da. Bestetik, genero adierazpen ez normatiboak ezkutuan egon behar direlako diskurtsoak ere garatzen dira. Azkenik, genero adierazpenagatik, nortasunagatik edo desiragatik baztertzea da ukazioaren beste dinamiketako bat. Esan dezakegu generoaren araberako irakurketa eginez gero, gizon moduan irakurtzen direnak direla gehiago zuzenketa dinamikak jasotzen dituztenak, eta emakume moduan irakurriak direnak eta genero nortasun ez normatiboak dituzten pertsonenak, aldiz, ukatzen direnak. Beraz, gizontasunetik ateratzen denari zigorrak jartzen zaizkio, baina zuzenketa onartzen badu, gutar izatera itzul daiteke. Ukaziozko dinamiketan, baina, ez dago itzultzeko aukerarik. 'Zu ez zara'/'ezin zara izan' esaten zaie.
Testigantzetatik argi ondorioztatu daiteke LGBTI+ pertsonek indarkeria bizi dutela Elgoibarren. Zer ondorio dauzka indarkeria horrek?
LGBTI+ fobiaren eta homofobiaren ondorioak hiru multzotan sartu ditugu: armairua, sexilioa (derrigorrezko migrazioa), eta biziraupen estrategia moduan identifikatu direnak. Heteroarautik ateratzen den pertsona oro sartzen da armairuan, baina Elgoibarko LGBTI+ pertsonek harreman desberdina izan dute armairuarekin. Batzuentzat askatasun falta esan nahi du armarioak eta indarkeriarekin lotzen dute, heteroaraua egongo ez balitz, ez litzatekeelako armairurik egongo, edo ez, behintzat LGBTI+ pertsonei zuzendutakoa, eta beste batzuentzat, berriz, babesgunea da. Hala ere, komeni da esatea batzuek ez dutela armairu barruan egoteko aukerarik ere izan, haien genero adierazpenagatik behin eta berriro izan direlako seinalatuak. Sexilioa, berriz, LGBTI+ pertsonek bizi duten derrigorrezko migrazioari esaten diogu. Era kontzientean zein inkontzientean ematen da sexilioa, baina edonola ere, herrian bertan bizitza bizigarriak izateko baldintzarik ez izatearen ondorio da. Migratze hori prozesu zaila izan daitekeela ondorioztatzen da erantzunetatik, baina aldi berean barneratutako fobiak baztertzeko, zerotik hasteko eta nortasuna zabaltzeko aukera izan zaie batzuei. Bestelako biziraupen estrategiak ere aipatzen dira liburuan: arrarotasunaren harrotasuna erakustea, queer mugimenduak aspaldidanik erabil izan duen estrategia; erasoei umoretik erantzutea; unean-unean ahal den moduan ateratzea erasotik; pedagogia egitea eta mugak jartzea; jendearen epaiei aurre egitea; eta desberdin izate horregatik bizitako indarkeriaren aurrean politizatzea.
Aipatu duzu heteroaraura bazter guztietan dela indar handiko egitura, ez bakarrik Elgoibarren, baina ba al da Elgoibarren bereziki deigarria egin zaizun zerbait?
Beharbada, erreferente izan direnen eta haiek garatu izan dituzten dinamiken transmisioan egon den etena. Badago erreferentzialtasuna izan dezakeen LGBTI+ elgoibartar jende bat, baina ez dago haien ezagutzarik, eta pertsona horiek herrian helburu politikoekin artikulatu izanaren zantzurik ere ez da aurkitu. Ni ibili nintzen Elgoibarren Batxilergoan-eta formazioa ematen duela lau bat urte eta konturatu nintzen esaterako beste herri batzuetan ezagutzen dituzten erreferente batzuk hor ezezagunak zituztela. Herrian erreferente izan daitezkeenen izenik ez zuten jakin ematen, eta gertuko erreferenterik ez izatearen ondorioetako bat bada bakartuta eta arraro sentitzea, baina bada baita norbere burua ukatzea ere. Garrantzitsua litzateke aztertzea zergatik eman den eten hori.
Bukaeran eraldaketarako proposamenak ere bildu dituzue.
Elkarrizketatuei arloz arlo galdetu genien non pertzibitzen eta jasaten zuten homofobia eta LGBTI+ fobia, eta galdetu genien baita ere non jarri beharko litzatekeen fokua arlo horietan gauzak aldatu ahal izateko. Arlo bakoitzean ematen den indarkeria identifikatu eta hori aldatzeko pista batzuk dira bukaerakoak.
Liburuaren aurkezpen ekitaldiko irudiak (*Argazkiak: Mikel Askasibar/ Elgoibarko Udala):