LGBTI+ komunitateko elgoibartarren bizipenak bildu dituzte liburu batean eta martitzenean aurkeztuko dute

Barren 2024ko urr. 3a, 15:24

Elgoibarko LGBTI+ pertsonen bizipenen bilketa izenburuko liburua aurkeztuko dute urriaren 8an (martitzena) Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean.

 Elgoibarko Udalaren Berdintasun Sailak argitaratu du liburua, jendarte eraldaketarako pentsamendu kritikoa sustatzea bilatzen duen Hiruki Larroxa kooperatibako Egoitz Arbiol Albenizek lagunduta.

2022an zehar hainbat elgoibartarri egindako elkarrizketa dira liburuaren oinarria, eta lekukotzok erakusten dute Elgoibarren ere heteroaraua indar handiko egitura dela eta egitura horrek eragina duela herritarren gorputz, nortasun, bizi itxaropen, hautu, rol eta jokaeretan. "Zer egin daitekeen eta zer ez mugatzen du heteroarauak; zer den onargarria eta zer ez zehazten du; zer irudikatu daitekeen eta zer ez markatzen du. Baina batez ere 'gu' bat definitzen du, 'normala', desiragarria, eta 'bestea' seilatzen du", jaso dute hitzaurrean. 
 
 Liburua aurkeztu ondorenerako Divina Comediaren Soy una buena persona bakarrizketa ere lotu dute. Arrasateko drag artistak umorea eta hausnarketa uztartuko ditu solasaldian.
 
18:00etan hasiko da liburua aurkezteko saioa, Lilan. Sarrera librea izango da.