Kalebarren plazan lurperatuko dute Merkatu Plazan dagoen transformazio elektrikorako zentroa

Barren 2024ko urr. 31a, 10:06

Merkatu Plaza dagoen lekuan osasun zentro berria eraiki behar dutela-eta, egun eraikinaren behehaldean dagoen transformazio elektrikoko zentroa bertatik atera eta Kalebarren plazan lurperatuko dute.

Lan horiek urtea amaitu aurretik hasiko dituztela aurreratu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek. Hain zuzen, joan den martitzeneko osoko bilkuran kreditu-aldaketa bat onartu zuen Udalbatzak, lanotarako 270.000 euro bideratzeko.

Merkatu plazako eraikina eraisteko lanak hasi aurretik lekuz aldatu beharko dute azpiegitura funtsezko hori, herriguneko hainbat kaletara eta Urazandira banatzen baitu argindarra. Egun halako azpiegiturak eraikinetatik ateratzeko joera dago eta Kalebarren plazan egingo duten zulo batean lurperatuko dute zentro hori, Aita Agirre eraikina berritu zutenean egin zuten moduan. Aita Agirre plazan lurperatuta dago hango transformazio elektrikorako zentroa.
Udalaren aurreikuspenen arabera urte amaieran hasiko dituzte lekualdatze lanak eta sei bat hilabetean gauzatuko dituzte. Iberdrola arduratuko da lanotaz.

Lotura duten albisteak: