C.D. Elgoibarreko ehun bat jokalari ohi elkartu dira Sergio Gonzalez 'Kuki' omentzeko jardunaldian

Barren 2024ko urr. 31a, 12:40

Omenaldi ugari jasotzen ari da Sergio Gonzalez Kuki, 45 urtez C.D. Elgoibarreko material arduradun izandakoa, erretiroa hartu eta gero.

Ezusteko omenaldia egin zioten uztailean Kukiri eta klubaren aitortza ere jaso zuen irailean, Mintxetan egin zuten ekitaldian. Joan den zapatuan, berriz, azken 40 urteetan Haundiko jokalari izandakoen omenaldia jaso zuen. Kalegoen plazan batu ziren. Omenaldi jardunaldirako sortu zuten zapia lepoan jarri ostean, poteo laburra egin zuten, eta Sigma jatetxera joan ziren gero bazkaltzera. Jokalari ohiez gainera, klubeko entrenatzaile eta zuzendaritzan ibilitakoak ere batu ziren omenaldi bazkarira, eta baita gaur egungo presidentea ere. Azaldu dutenez, futbol kontuak eta elkarrekin bizitako pasadizoak izan zituzten solasgai giro onean joan zen bazkarian.

Aurreskua dantzatu eta bertsoak kantatu zizkioten Kukiri eta Lehen Mailako futbol taldeen lau kamiseta ere oparitu zizkioten. 

Irakurri hemen BARRENek Sergio Gonzalezi uztailean eginiko elkarrizketa.