Ez dira konpromisorako eta militantziarako garairik onenak hauek, baina C.D. Elgoibar moduko klub bati 45 urtez lotuta egoteak bietatik izango du ziurrenik, ordaindutako lana izan bada ere zurea. Noiz, nola eta noren eskutik iritsi zinen zu C.D. Elgoibarrera?
Umetan entrenamendu eta partida guztietara joaten nintzen Lerunera, eta 12 bat urterekin baloi jasotzaile lanetan jarri ninduten. Pare bat urtez ibili nintzen horretan, eta gero, 14 urterekin, material arduradun izendatu ninduten, Odilo Atriok lagatako hutsunea betetzeko. Eta bai, hemen dirua irabazteko ez dago inor, hori garbi. Niri ordaindu egin izan didate egindako lana hemen, baina futbola eta talde hau maite izan ditudalako egon naiz hemen horrenbeste urtean. Soldata Alcortan irabazi dut. Futbola gustatu ezean, ez dago hemen urteak egiterik. Pentsa zer den Bigarren Maila batean zapatuz Cuencaraino autobusez joan, gaua han pasa, biharamunean partida jokatu, dena jaso, zazpi-zortzi orduko bidea egin atzera etxera itzultzeko eta seiretarako tailerrera joatea. Asko gustatu behar da.
Etxean ere esango zizuten ba zerbait, ala?
Pazientzia handia izan dute etxekoek beti, eta esango nuke nahiko ondo eraman dutela. Maiatzean denboraldia amaitu eta uztailean hasten da hemen denboraldi-aurrea, eta abuztuan etxekoekin oporretara joateko hamabost bat egun libratzeko ibiltzen nintzen estu.
Ume zinela hasi zinen lanean. Fina izango zinen, klubak eman zizun ardura emateko 14 urterekin.
Lehen ez zegoen oraingo konturik! Orduan ez zegoen gaur beste arropa eta trasterik, ezta gaur besteko mugimendurik ere. Orduko material arduradunaren lanak eta gaurkoarenak ez dute, beraz, zerikusirik. Lehen, lanik handiena oinetakoek ematen zuten. Ikustekoa zen nola gelditzen ziren entrenamenduro eta partidaro jokalarien larruzko bota haiek Lerunen, goraino lokatzez beteta. Han futbolean ere ezin izaten zuten egin mutilek; ostikoka aritzen ziren baloia gora bidali nahian. Bota haiek eskuila eta koipe potea hartu eta banan-banan garbitzeak ematen zuen lana! Eta zer esanik ez oinetakoen takoak konpontzeak. Oinetako konpontzailearen lana egin behar izaten nuen, eskuz. Gainerako arropa, entrenamendu ondorenean bildu eta Eibarrera bidaltzen genuen, Margolan arropa garbitegira. Kantinan uzten nituen nik, poltsetan sartuta, eta haiek etortzen ziren bila. Geroago, Elgoibarko emakume bati eman zioten ardura hori. Ez daukat gogoan haren izena, baina Zubiaurre zen abizenez. Orain, berriz, jokalari gehienek etxera eramaten dituzte botak, eta arropa garbitu eta lehortzeko lau garbigailu eta beste horrenbeste lehorgailu dauzkagu Mintxetan bertan. Haundikoen arropak garbitzea eta prestatzea izan da azkeneko urte askoan nire lana, eta azkeneko denboraldi honetan, bi talde nagusien ardura eman didate: gizonezkoen eta emakumezkoen taldeenak.
Dena aldatu da eta zer esanik ez futbolean. Lerundik Mintxetara aldatzeak ere ekarriko zuen aldaketarik.
Klubaren 75. urteurrena ospatu zen urte berean etorri ginen Mintxetara, 1993an, eta aldaketa izugarria izan zen. Lokatzetan jokatzetik alfonbra gainean jokatzera pasatu ziren. Lerunen, futbol zelaia zaintzea ere nire lana izaten zen. Hangoari zelaia deitzea ere gehiegi izango da akaso, baina zegoen belar apurra moztu eta zaindu behar izaten zen, arrabola motordunarekin, eta futbol zelaiko marrak ere margotu behar izaten ziren, karez. Egiteko horretan beranduago hasi nintzen, hori bai, ni hasi nintzenean Jesus Galarragak egiten zuelako hori, bai eta ateetako sareak jarri eta kendu ere. Mintxetako zelaiak mantentze lan handirik ez du behar. Tarteka makina pasatzen dute zelaia eskuilatzeko, eta listo.
Materiala zaintzen bakarrik ez, futbolean ere ona zinela entzuna daukagu. Gaurko Herri Eskolan jokatzen ziren partidetan goleatzaileena ere izan omen zinen noizbait?
Kar-kar. Bai, jubenilak arte jokatu nuen futbolean, eta beti gustatu izan zitzaidan, baina esango nuke futbolean nenbilenean ere ardura handiagoz hartzen nuela materialaren zaintza. Urkiola taldearekin jokatzen nuen nik orduan Urazandiko txapelketa haietan eta noizbait izan nintzen gol gehien sartu zituena, bai, baina besterik gabe. Gaur Aita Agirre den plazan ere ibilitakoa naiz futbolean, beti aurrelari gisa. Plaza Txikia izan zen garai batean C.D. Elgoibarren harrobi nagusia.
C.D. Elgoibarrek Lerunen jokatzen zuen garaiko zer oroitzapen gordetzen duzu? Eta bigarren etapatik?
Jose Mari Arakistain entrenatzaile zela, Haundi Bigarren B mailara igo zenekoa dut bereziki gogoan. 1991-1992 denboraldian izan zen. Barbastroren kontra 2 eta 1eko emaitzarekin irabazita igo genuen mailaz. 2.000 zale inguru batu ziren Lerunen partida hura ikusteko [1992ko ekainaren 28an jokatu zen partida]. Ez zen ondo hasi, egia esan, hirugarren minuturako sartu zigulako Barbastrok gola. [Igoera gero eta urrunago ikusten ari zirenean, 30. minutuan, partida berdindu zuen Bedaiok eta 80. minutuan erabaki zuen partida Joseba Igartuak, bigarrena eginda. Bizkarrean hartuta atera zuten zelaitik zaleek]. Sekulako festa antolatu zen Elgoibarren. Mintxetako etapakoak ere badauzkat oroitzapen ederrak, Haundi Hirugarren mailara eta Bigarren B mailara (96-97) itzuli zenekoak bereziki. Enrike Ormaetxea zen orduan entrenatzaile. Sona handiko kluba izan zen urte haietan Haundi eta jokalariak ere gustura etortzen ziren hona, erdiak kanpokoak izaten zirelako. Gurea moduko herri batentzat gauza handia zen maila horretan taldea izatea.
Momentu txarrik ere izango zen horrenbeste urtean.
Bigarren B mailan egotetik preferenteraino jaitsi ginen sasoi hura. Ia-ia joan ginen lehenengo erregional mailaraino. Zer izan zen hura! Ahaztekoa.
Omenaldia ere egin dizutela entzun dugu. Zer izan da zuretzat 45 urtez C.D. Elgoibarko parte izatea?
Isilean prestatu zuten dena. Ostiralean Mintxetara agertzeko esan zidaten eta hona etorri nintzenean afaltzera eraman ninduten. Hunkitu nintzen afaritan batu zen jendea ikustean. Jose Mari Mendizabal Kolonbo Hernani futbol taldeko delegatua eta material arduraduna dena ere han zegoen [Goiko argazkian]. 48 urte daramatza berak egiteko horretan Hernanin, lagun handia dut, eta sekulako poza eman zidan Elgoibarrera etorri izanak. Futbolak aukera hori ere eman dit, Elgoibartik kanpora ere lagun onak egitekoa.
Eta zer izan den C.D. Elgoibarko parte izatea? Ohore handia. Sufritu eta gozatu, bietatik egin dut asko. Haundiren partida egunetan aulkian egon naiz beti, entrenatzaile eta ordezko jokalariekin, eta bizi izan dut beti futbola. Estimu handia izan diet beti jokalariei, eta ikasi ere asko egin dut haien ondoan. Ikusi ere egin diet batzuei proiekzio handia izan zezaketela. Jagoba Arrasateri esan ere egin nion hemen hasi zenean Lehenengo Mailako talde bat entrenatzen ikusten nuela.
Zer ikusi zenion ba?
Oso entrenatzaile ona eta argia zela, karisma handikoa. Liderra da Jago, zelaian nahiz zelaitik kanpora. Jokalariei gauzak esateko zuen moduak txunditu ninduen. Langile serioa eta gizon ona da. Joan den leku guztietara jarraitu diot nik; urtean behin, beti joan naiz haren taldearen partidaren bat ikustera beste bi-hiru lagunekin, eta omenaldirako bidali zidan bideoan ere horixe aipatzen zidan: Mallorcara joan dela orain eta urrutiagora bidaiatzera behartu nauela. 2008-2009 denboraldian hartu zuten entrenatzaile izateko C.D. Elgoibarren. Hirugarren Mailan mantentzeko helburuarekin ekarri zuten. Abuztuan iritsi zen eta plantillarik ere ez zeukan, baina osatu zuen taldea, eta hemen egon zen bi urteetan Bigarren B mailara igotzeko faserako sailkatu ginen. Estreinako aldian, Burgos egokitu zitzaigun zozketan aurkari eta irabazi egin zigun, eta bigarren urtean Marino Luancoren kontra galdu genuen igoera fasean.
Esker onekoak al dira jokalariak ala hona ere iritsi dira futbol profesionalean ikusten diren kontuak?
Ez, ez. Hauek naturalak dira eta esker onekoak. Kategoria hauetan ez dago señoritorik. Beti daude laguntzeko. Aldageletan entrenatzailearen berriketaldia izaten denean ere han egoten naiz ni beti; gustatzen zait taldeko sentitzea. Egia esan, ondo zainduta sentitu naiz ni beti C.D. Elgoibarren. Klubera datorren jendeari ezer falta ez dakion saiatu naiz beti; gustura egotea jendea Elgoibarrera datorrenean.
Eta, erreleborik ba al dago?
Gaur arte izan den moduan, ez dut uste behintzat. Jende asko mugitzen du futbolak, baina ez pentsa lanerako prest dagoen jende askorik etorriko denik hona ere. Ni neu banoa. Abenduan lanean ere erretiroa hartzekoa dut eta uste dut nahikoa urte izan direla 45.
Eta jarraituko al duzu Mintxetara igotzen?
Seguru. Esperantza hori daukat behintzat. Beharbada ez naiz partida guztietara etorriko, emaztea ere haserretuko zaidalako bestela, baina badaukat asmoa etortzeko.
Entrenatzailearen ondoan horrenbeste partida ordu eginda, harmailetatik taldea zuzentzen hasteko kapaz zara.
Ez, ez. Horrelakoak baditugu hemen bestela ere. Nik futbolaz lasaiago gozatzeko asmoa daukat orain.