Elkarrizketa

“Kantuek badute gure izatearekin edo sentitzeko moduarekin zerikusirik”

Ainara Argoitia 2024ko urr. 25a, 15:30

Txoteko Ezpata taldeak estreinako diskoa kaleratu zuen joan zen eguenean: 'Ilunpean jai duzu'. Tolosako Bonberenean grabatu dute, eta hamabi kantu bildu dituzte, euskaraz guztiak. Gaur, barikua, kontzertua emango dute Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan, 23:00etan. 

Bost dira taldean: Onintza Loiola (teklatua), Rafa Furnier (bateria), Mikel Cornejo (ahotsa), Josu Iriondo (baxua) eta Asier Etxaniz (gitarra eta koruak), eta azkeneko bien ahotik jaso dugu taldearen eta estreinako diskoaren berri. Diskoa bera Pitxintxun eskura daiteke Elgoibarren, eta Morroskillo opari-dendan eta Uztargi tabernan, Mendaron, baina Bandcampen ere badago eskuragai.

6Nemen9, C69, Andrakan, The Brian Valeta Movement edo Maraca Diablo taldeetan ibilitako musikariok osatzen duzue taldea. Noiz sortu zenuten proiektu berri hau?
Asier Etxaniz: Elgoibarko Udalak musikarientzako lokalak zabaldu zituenean hasi ginen elkartzen gutako hiru: Josu baxuarekin, ni gitarrarekin eta kantuan Mikel. Bateriaren faltan, erritmo-kaxa batekin moldatzen ginen, baina horixe, justuan. Errepertorio bat bageneukan, baina mugatzen gintuen bateria-jolerik ez izateak eta baita zuzenean jotzeko prebisiorik ez izateak berak ere. Pasatu zen jende bat lokaletik probatzera ere, baina ezer ez, eta hala geundela, pandemiak harrapatu gintuen. Inguru horretan Maraca Diablon parte hartzeko proposatu zigun Ina Iriondok Josu, Rafa eta hiruroi. Grabatu genuen diskoa, eman genituen kontzerturen batzuk, eta Ina beste gauza batzuetara jarri zenean, libre gelditu ginen gu hirurok. Orduan heldu genion proiektu honi serio, Rafa batuta bateriara. Sortzen genuen musika jende aurrean erakusteko baldintza jarri zigun Rafak hasteko;
motibazioa behar zuen. Eta bai, arrazoia zuen: zerbait grabatzeko edo jendaurrean jotzeko prebisiorik ez baldin badago, gogorra egiten da entsegatzera joatea, are gehiago lanetik berandu batean irtenda. Eta halaxe animatu gara, kanpoan, orain ere, hotz egiten duela sentitu arren.

Esan daiteke Maraca Diablorekin plaza batzuk egiteko aukerak piztu zuela zuengan proiektu berri bati ekiteko barruan zeneukaten harra?
Josu Iriondo: Hein handi batean, bai, urteetan genbiltzalako kantuak sortzen-eta, baina bestelako pretentsiorik gabe. Bultzada bat izan zen, bai, guretzat, Maraca Diablorekin plazak egiteko aukera.

Ez da sortzailea etiketa zalea izaten normalean, baina nola definituko zenukete egiten duzuen musika?
A.E.: Bai, amorrazio handia ematen digu musika etiketatu beharrak, baina argitaratzaileek ere eskatu ziguten zerbait zehaztea eta pop-rocka egiten dugula diogu geure buruaz, bestelako abizenik jarri gabe sortzen dugunari. Rockaren egitura klasikoan, bateria, baxua, gitarra eta ahotsaz baliatu gara eta diskora eraman ditugun hamabi kantuetan libre ibili nahi izan dugu erritmo eta melodietan. Ez gara gauza konkretu baten bila joan, egia esan. Gure gustuak eta abileziak dauzkagu eta horiei eman diegu bidea, baina bestetik gure mugak ere baditugu eta horiek ere baldintzatuko zuten proiektua. Gure gustuko eszena girorik ere ez dago 2024an eta geurea egitera joan gara. Beraz, libre da hemen etiketak jartzea, baina etiketak jarri behar badira jar ditzatela beste batzuek.
J.I.: Hori da. Dena den, gure gustuko eszenarik ez dagoen uste hori beti sentitu izan dugu. 6Nemen9 ginenean ere, ezberdin sentitzen ginen garaiko giroan, baina eman genituen 50en bat kontzertu. Kosta egiten da, baina kanpora irtetea da naturalena bestetik.

Ezlekuak, otsoak, uluak, mamuak, ametsetik esnatze gogorrak... Kezka, beldurrak eta ziurgabetasuna oso presente daude zuen hitzetan. Bost kantutako hitzak ez beste guztiak zureak dira, Asier. Zer duzu esateko?
A.E.: Bai. Jon Gerediagaren hitzak dira Ilunpean kantukoak, Jon Miranderenak dira Ametsetatik eta Oianone, Harkaitz Canorena Jai duzu, Joseba Sarrionandiarena Preso egon denaren gogoa eta gainerakoak nireak. Esango nuke Oianone albora lagata, besteek badutela tematika bat edo badirela giro jakin baten bueltakoak; kezkatik, zinismotik eta parodiatik dute gehienek. Baina egia esan, sortu eta gerora konturatu naiz ia ez dagoela umorerik gure kantuetan eta diozun bezala ziurgabetasun hori asko azaltzen dela gure letretan. Badu gure izatearekin edo gure sentitzeko moduarekin zerikusirik horrek. Duela 27-28 bat urte laga genuen 6Nemen9, hein handi batean publikorik ez geneukalako. Su Ta Gar eta Negu Gorriak taldeen garaiak ziren haiek. Orain ere, kanpora irten behar honetan, zalantza asko dauzkat nik neuk, merkatua ez dagoelako lehen baino hobeto. Lehen bezain hotz egiten du kanpoan, edo hotz handiagoa beharbada, eta guk adin bat ere badaukagu. Ez dago erraza.
J.I.: Merkatuan beharbada lehen baino hamar bider talde gehiago daude, baina entzule gutxiago daude eta plazak ere gutxitu dira. Publikoa dago BEC betetzeko Bruce Springsteen datorrenean. Urtebete aurretik jartzen dituzte salgai sarrerak kontzertuetarako eta egun bakarrean amaitzen dira, baina hori kultura baino gehiago turismoa dela esango nuke.
A.E.: Pandemian ere toki ez formal guztiak itxi ziren eta gero askok ez zuten gehiago aterik zabaldu. Era berean, gaztetxeetan-eta boluntario lanean dabiltzanak gazteak dira normalean eta gazteak ez daude guk eta gure adin bueltakoek egiten duguna entzuteko, normala den bezala. Izena egina ez duenak zaila dauka orain, baina asumituta daukagu hori.

"Egin guran baino hobe eginean" diozue 'Erdia egin dugu' kantuan.
A.E.: Norbere burua ere engainatu egin behar da hemen, zerbait egingo badugu, eta horri erantzuten dio esaldi horrek. Trantze bat da, pasatu behar dena.
J.I.: Bai, lehen ere ibilitakoak gara gu mundu honetan, eta beti izaten dira kezkak, beldurrak eta halakoak buruan abiatzeko orduan, baina gero, aurrera egiten dugu beti.
A.E.: Bai, eta merezi du, besterik ez bada lokalean entseguetan izaten dugun giro horregatik. Maiatzetik hona gure telegram bidezko mezuek behartzen gaituzte aktibo egotera eta mila gauzatan pentsatzera: sare sozialak, argazkiak egitea, aurkezpenak egitea... Kantuak sortzea ez den gauza asko pentsatzera behartzen zaitu orain diskoa grabatu eta plazara salto egiteak, eta ez gara gu horretan natiboak. Asko aldatu da mundu hau.

Biniloan eta CDan eman duzue argitara zuen estreinako lan luzea, hamabi kantuz osatutakoa. Hamabi. Hori bera ere ez da beharbada ohikoena garai hauetan. Non eskura daiteke diskoa?
J.I. Bai, joan zen ostegunean argitaratu genuen ofizialki, nahiz aurreragoko asteetan bazebiltzan kantu batzuk plataforma eta sareetan bueltaka. Udaberrian grabatu genuen diskoa Bonbereneako estudioetan, Karlos Osinagarekin, eta biniloan eman dugu argitara, baina CDa ere badakar barruan opari. Hori bera ere bada, bai, beharbada azpimarratzekoa, gaur egun ia inork ez duelako ateratzen hain lan luzerik, inork ez duelako sortzen hamabi kantuko disko bat. Gehienek, asko jota, sei bat kantuko diskoak, singleak... argitaratzen dituzte.
Spotifyn eta Bandcampen dago disko osoa entzugai, eta Elgoibarren eta Mendaron, Pitxintxu eta Morroskillo dendetan eta Uztargi tabernan ere eskuratu daiteke. Bestela, kontzertuetara ere eramango dugu saltzeko, eta Durangoko azokan ere izango gara.

Txoteko Ezpata taldekoak entsegu batean. Utzitakoa.

Lau lagun hasi zineten hasieran, baina bosgarren lagun bat batu zaizue orain azkena.
A.E.: Diskoa grabatzen hasterako lau ginen taldean, baina grabazio estudioan nahi beste kapa grabatu daitezke. Kontua da estudioan egindako lana defenditu egin behar dela zuzenekoan eta hor herren ikusten ginela pixkat bat. Diskoan lau bat kantutan sartu dugu teklatua. Onintza Loiola mendaroarrari eskatu genion laguntza horretarako, eta orain, zuzenekora begira, kantu gehiagotan ere ari gara teklatua sartzen. Luxua da Onintza gurekin izatea. Esan digunez sekula ibili gabea da aurrez halakoetan, baina musika ezagutza handia dauka eta guretzat laguntza handia da.

EME egunean jo zenuten, baina diskoa grabatu osteko lehen kontzertua izango da gaurkoa. Nola zaudete?
J.I.: Pozik. Apirilaren 20an izan zen EME eguna eta aukera hura oso ondo etorri zitzaigun grabazio saioak hasi baino astebete aurretik izan zelako. Proba handia izan zen EME egunekoa, baina gaurko kontzertua berezia izango da, erronka handiagoa ere badelako, diskoa grabatu osteko kontzertuan maila eman beharra dagoelako, are gehiago gure adinean. Zorrotzak eta exijenteak gara gure buruekin eta gustatzen zaigu egiten duguna ondo egitea. Gure onena emango dugu.

Epe laburrera ba al duzue beste kontzerturen bat lotuta?
A.E.: Bai. Azaroaren 15ean Tolosako Bonberenean joko dugu, eta kuriosoa izango da kontzertua, Aterkings taldearekin batera joko dugulako eta Aterkingsen jotzen dutelako 6Nemen9n gurekin batera aritu ziren Alberto Gonzalez eta Martxelo Mendizabal. Bestalde, aurki aterako du Bonbereneak gure bideo bat, Bonberenea live sessions proiektuaren baitan grabatutakoa. Han bertan, zuzenean eta hiru kamerakin egindako grabazioa da, eta lau kantu biltzen ditu.