Kalean da 'Ilunpean jai duzu', Txoteko Ezpata taldearen estreinako diskoa

Barren 2024ko urr. 17a, 18:58

Txoteko Ezpata taldea sortu dute Elgoibar eta Mendaroko musikariek eta gaur kaleratu dute beraien lehenengo estudioko lana, Ilunpean jai duzu izenekoa.

Txoteko Ezpata Rafa Furnier, Josu Iriondo, Asier Etxaniz eta Mikel Cornejok osatzen dute. Aurrez 6nemen9, c69, Andrakan, The Brian Valeta Movement eta Maraca Diablo taldeetan ibilitako musikariak dira, eta 2019etik dihardute elkarrekin entsaiatzen. Ilunpean jai duzu da beraien lehenengo estudioko grabazioa. Karlos Osinagaren gidaritzapean egin zituzten grabazio lanak Bonberenean, Bonberenea Ekintzak-en eskutik. Rockaren egitura klasikoan, bateria, baxu, gitarra eta ahotsaz baliatu dira baina hori abiapuntua besterik izan ez delakoan daude, 12 kantuotan libre ibili nahi izan baitute erritmo, atmosfera, harmonia zein melodietan. 

Plataformetan entzun daitezke Ilunpean jai duzu diskako abestiak: spotifyn eta bandcampen 

Lehen kontzertua Elgoibarren

Txoteko Ezpata taldeak diskoa aurkezteko kontzertuak hasiko ditu aurki, eta Elgoibarren emango dute estreinakoa, urriaren 25ean, barikua. Kultur Etxeko Sotoan izango da emanaldia, 23:00etan. Azaroaren 15ean Tolosako Bonberenean emango dute zuzenekoa, Aterkings taldearekin batera. 

Txoteko Ezpatak taldeko kideak Karlos Osinagarekin, diskorako grabazioetan, Bonberenean.