Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurrenaren baitan antolatu dute jaialdia, eta musika eskola bakoitzak hiruzpalau kantu interpretatuko ditu. Mendaroko Bizi Poza txarangak ere parte hartuko du ekitaldian. Txirristakaren bertso-sortak dira entzungo direnak eta sorta horientzako musika da musika eskoletan propio gaurko sortu dutena. Antolatzaileek mokadua prestatuko dute partehartzaile guztientzat.
19:00etan hasiko da.
Martxoan hasi zituzten Mendaron Txirristaka Urteko ospakizunak. Bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko, Txirristaka Bertsopaper lehiaketa antolatu zuten martxoan, urtero errepikatu asmo dutena aurrerantzean, eta ekainean, bertsoa eta antzerkia uztartu zituen ikuskizun berezia egin zuten kalez kale, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak lagun hartuta. Urriaren 25eko jaialdia izango da urteurreneko hirugarren ekintza nagusia, baina ez azkena.
Abenduaren 15erako kantu bazkaria iragarri dute. Egun horretan jaio zen Mendaroko bertso jartzaile handia, eta oroitzeko, bertso jarrien saioa antolatu dute Eñaut eta Unai Agirre anaiekin. Aizpe elkartean izango da bazkaria, eta antolatzaileek aurreratu dute aurrerako jakinaraziko dutela noiz eta non eman beharko den izena bazkaritarako.
Lotura duten albisteak:
- Txirristaka, ahanzturatik oroimenera (2024-04-19)