Aita Agirre kulturgunean izango da kontzertua 12:30etik aurrera. 'Burua makurtu gabe' diskoko kantuak eskainiko dituzte, eta tartean abesti ezagunen batzuren bertsioak ere joko dituzte.
Alguillo&Alkimistak proiektua aurkeztuko duzue domekan. Proiektuaren aurrerapen bat egingo diguzu?
Aspalditik neukan buruan proiektu berri baten ideia, baina ideiatik gauzatzera denbora asko pasatu da. Orain dela hiru bat urte hasi nintzen proiektua lantzen, eta hau nire proiektua dela esan dezaket. Abestiak eginda nituen, eta ikusi nuen baneukala aukera buruan bueltaka neukan proiektua gauzatzeko. Leok'k taldean taldekide nituen musikari batzuei egin nien proiektu berrira batzeko proposamena. Teklista eta gitarra-jolea izan ziren taldera batzen lehenengoak, eta poliki-poliki forma ematen joan nintzen proiektuari. Argi neukan nolako soinua
nahi nuen, eta horretarako perkusionista behar nuen, ez soilik bateria-jole bat, eta koroak ere nahi nituen; emakumezkoen ahotsak nahi nituen koroetan. Niri gustatu izan zaizkidan taldeek ere sartu izan dituzte emakumezkoen ahotsak, baina hasieran gizonezkoek imitatu egiten zituzten emakumezkoak koruak egiterakoan. Kostatu zitzaidan topatzea nahi nuena. Eszenatokian segurtasunez eta garbo apur batekin irtengo zen norbait nahi nuen. Edurne Lasarengana jo nuen aholku eske, eta Silvia Hernandezen izena eman zidan. Musika Eskolako irakaslea da, koru gazteen zuzendaria eta eskarmentu handia dauka. Gustura hartu zuen Silviak eskaintza, eta berak lotu zituen hirukotea osatzeko beste bi ahotsak. Perkusionista ere lortu genuen baterijolearen bitartez; beraz, baneukan taldea.
"Rock-a oinarrian izanik, baina estilo desberdinen eragina duen musika modernoa dela esan dezakegu"
Lortu nahi zenuen musika oso argi zeneukala aipatu duzu. Zein estilotako musika sortu duzue?
Definitu dut, baina gero irakurri dut egin dudan definizioa eta ez dakit ondo azaldu dudan. Esperimentala dela idatzi dut, baina hori edozer izan daiteke. Rock sustraiak baditu, jakina, musikari hauekin derrigorrean izan behar du rock kutsua. Hiru emakumezko daude koroetan, eta horrek gospel ukitua ere ematen dio, eta abesti batzuetan afro-kubatar salsa doinuak ere badaude, Rithm&blues tokea ere badaukagu... Rock-a oinarrian izanik, baina estilo desberdinen eragina duen musika modernoa dela esan dezakegu.
Zortzi lagun zarete, herri desberdinetakoak. Nola moldatzen zarete entseguetarako?
Hasieran esan zuen norbaitek elefante bat zela hau, eta kostatuko zitzaigula mugitzea, baina ondo moldatzen gara. Astero elkartzen gara Zestoan, baina gure entseguak ez dira izaten kantuak ikasteko. Bestelako lan dinamika bat daukagu. Taldekide bakoitzak bere atalak etxean lantzen ditu. Ordenagailuz partekatzen ditugu kantuen zatiak eta bakoitzak berea lantzen du. Entsegu egunerako bakoitzak bere atala ikasita eramaten du, eta horrek asko errazten ditu gauzak.
'Burua makurtu gabe' izena jarri diozue diskoari. Zein ezaugarri ditu lehen lan honek?
Hamar kantu ditu, denak nik sortutakoak, bai letrak eta baita musika, baina taldekideen ekarpenak ere jaso ditut eta ekarpen horiekin osatuta daude kantuak. Atal batzuk nire etxean grabatu ditugu, beste batzuk Zumaiako estudio batean, eta azkenik Eñaut Gaztañagarekin egin ditugu nahasketak, Zestoako Gaztain estudioan. Oso txukun geratu da, eta ni gustura nago lehenengo lan honekin. Diskoaren azala Eneritz Iturbe arrasatearrak egin du. Neska baten aurpegia ageri da, nire ustez oso ondo zetorkiona diskoari eta azalera eramateko baimena eskatu nion. Ez zigun arazorik jarri, eta oso ondo geratu dela iruditzen zait.
"Musikagintzaren sektorea ez dago erraza, talde berri asko daude eta leku bat egitea zaila da".
Domekan estreinatuko zarete zuzenean. Zer eskainiko duzue?
Ikusleak talde bat ikusiko du, ondo fusionatutako taldea. Pozik, baina aldi berean urduri ere bagaude Elgoibarren jotzeko. Diskoko hamar kantuak joko ditugu, eta hainbeste kantu berriren artean, pare bat kanta ezagunen euskarazko bertsioak ere joko ditugu. Kantu guztiak euskaraz idatzi ditut, eta ingesezko kantu batzuk ere ekarri ditut euskarara. Ez da erraza ingelesetik euskaratzea, ingelesa oso monosilabikoa delako, baina egin dugu hori ere. Abestietan denetariko gaiak landu ditut. Nostalgia, ilusioak, ametsak, tristura... Ea jendeak nola erantzuten duen. Momentuz Elgoibarko kontzertua bakarrik daukagu lotuta, baina gustatuko litzaiguke aurrera begira beste herriren batzuetan ere jotzea. Musikagintzaren sektorea ez dago erraza, talde berri asko daude eta leku bat egitea zaila da. Baina niri hau gustatzen zait, musika bizi dut eta horrek betetzen nau. Ordu pila bat eskaintzen dizkiot musikari, eta musika eginez gozatzen dut.
Honatx, kontzertua iragartzeko zabaldu duten bideoa, Alderantziz abestiaren zati batekin:
Nire esku kantaren aurrerapena, bideoan: