Debabarrenan sortutako lehen rock taldeak omendu dituzte

Barren.eus 2023ko ira. 19a, 09:05

1968an sortu zuten Leok´k taldea, rocka gauza berria zen sasoian. 55 igaro diren arren, espiritu bera mantentzen dute rockero zaharrek, domekan Elgoibarren eman zuten kontzertuan erakutsi zuten moduan.

Iaz atera zuten 'Bizirik hala ere' diskoko abestiak jo zituen Leok´k taldeak Aita Agirre Kulturgunean eman zuten kontzertuan, eta euren aurreko lanetako zenbait abesti ere jo zituzten. Bi kanta ezagunen bertsioak joz amaitu zuten saioa, Led Zeppelin taldearen abesti instrumental bat, eta Tina Turnerrentzat egindako River deep, mountain high' abestia. Azken hori Alfonso Guillok euskaratu egin du eta berak abestu zuen, taldeko baxulojea den arren. Domekakoa, baina, kontzertu bat baino gehiago zen. Izan ere, Guillok berak aurreratu zuen moduan, Debabarrenean 60-70eko hamarkaden bueltan sortu ziren musika taldeei omenaldia egin nahi zieten emanaldi honekin. Hala, garai hartako musika taldeetako kideen topagunea izan zen Aita Agirre.

Kontzertuaren aurretik Leok'k taldekoek ondu duten "Debabarreneko rockaren sorrera gogoan” izeneko ikus-entzunezkoa ikusi zuten bildutakoek. Argazkiz eta musikaz osatutako ordu erdiko ikus-entzunezkoan eskualdeko hamalau rock talderen nondik norakoak jaso dituzte. Hamalau taldeetatik bakarra da Elgoibarkoa, Espresion Sonora taldea, beste bat Soraluzekoa, Los Mansos; eta, gainerakoak Eibarkoak: Los Walter´s, Gemrub, 96 Lagrimas, The Ravens, Equipo 13, Los Brinner´s, Iciar y los ajenos, Los Doblones, Revolucion 70, Sonidos del silencio, Safari eta Blood Live. Zaharrenak 1962an sortutakoak dira eta 1972koak berrienak.

Atzera begirako emanaldia "hunkigarria" izan zela azaldu du Guillok, bereziki garai haiek bizi izan zituzten musikarientzat, bizipenak biziberritzeko bidea eman baitzien. Jende ugari joan zela esan du eta ekitaldirako erabili zuten lekua ere "interesgarria" iruditu zaie formatu txikiko musika emanaldietarako. Orohar, pozik eta asetuta laga ditu Debabarrenan sortutako lehen rock taldeak omentzeko ekimenak.

2023 09 17 leokk kontzertua elgoibar ikusentz

2023 09 17 leokk kontzertua elgoibar 1