Hilabete batzuk lehenago laga zuen Rodisa Azkoitiko enpresa batera joateko, eta handik bueltan zetorrela Azkaraten izan zuen istripua. Ordurako hasita zeuden Joseba Goñi, Markel Iraola eta Ekaitz Vegas musika egiten, eta Patxi Argarate lankideak animatu zituen Amutxastegiren aldeko kontzertu bat egitera. Taldeari izena jarri behar zioten, eta Judas Argarate izenarekin irten ziren plazara estreinakoz. Kultur Etxeko sotoan izan zen estreinaldia. Orain iraupen luzeko diskoa kaleratu dute 'Judash' izenarekin, eta taldeari diskoaren izen bera jartzea erabaki dute.
Rodisa enpresan dauka jatorria Judash heavy metal taldeak. Bertako lankideak dira Hodei Otegi elgoibartarra eta Joseba Goñi, Markel Iraola eta Carlos Balseiro eibartarrak. Musika dute gustuko laurek, eta elkarrekin entseatzen hasi ziren, Balseiro kubatarrak Eibarren zeukan lokal batean. Balseiro PAM edota Julio Kageta moduko taldeetan ibilitako musikaria da, eta hain justu ere PAM taldeak bere jarduna laga zuenean hasi ziren Rodisako lau musikariak Balseiroren lokalean entseatzen. Balseiro bera jarri zen baterian, Joseba Goñik hartu zuen baxua, Markel Iraolak teklatua eta Hodei Otegik gitarra.
Iker Amutxastegi lankide izandakoa hil zenean hari omenaldi bat egiteko ideia bururatu zitzaion Patxi Argarate lankideari. "Bazekien entseatzen ibiltzen ginela, eta esan zigun animatzeko, zerbait polita egin genezakeela", gogoratu du Hodei Otegik. Horrela hasi ziren kontzertua prestatzen, eta hainbat eszenatoki aztertu ondoren, Kultur Etxeko sotoan egin zuten. Plazara irteteko izena behar zuten, eta Argarateri keinu eginez, Judas Argarate izenpean irten ziren oholtzara. Horrela ibili dira urteetan, baina diskoa kaleratzeko orduan taldeari izena aldatzea erabaki dute: "Argaraterena txantxa moduan hasi zen, eta Patxik berak ere uste zuen bazela taldeari bere abizena kentzeko garaia".
Judash izena jarri diote taldeari, eta baita diskoari ere. 2021ean Balseirok taldea laga zuen eta Ekaitz Vegasek hartu zuen lekukoa perkusioan. 2023an hasi ziren diskoa grabatzen, eta Walter Tuzzeo arduratu behar zen nahasketez, baina hil egin zen soinu ingeniaria, eta, azkenean, Axular Arizmendik nahastu zuen Mutrikuko AME estudioan. Azkenik, Baionan masterizatu du Paxkal Etxeparek, eta dagoeneko, kalean da. 11 abestiz osatutako diskoa da Judash. Euskaraz abesten dute, baina bi kanta gaztelaniaz dituzte, Balseirok egin zituelako. Otegiren ustez, beraien berezitasuna soinua da: "Gu oso gustura geratu gara emaitzarekin, eta jendeak esan digu oso heavy-ak garela. Pozik gaude. Entseatzen hasi ginenean burutik pasatu ere ez zitzaigun egiten disko bat aterako genuenik, eta azkenean lortu dugu". Diskoa Elgoibarko Tantaka tabernan dago salgai.
Kontzerturen batzuk ematen ere hasi dira, eta azkena Eibarren eman zuten irailaren 28an, Walter Tuzzeo soinu teknikariaren omenez antolatu zuten jaialdian. Abenduan beste kontzertu bat emango dute Eibarko Coliseo antzokian, baina argi daukate musika beraientzat zaletasun bat dela: "Laneko erreleboekin eta familia kontuekin zailtasunak izaten ditugu biltzeko, baina serio hartu dugu musika kontua eta asko entseatzen dugu. Hala ere, badakigu hau zaletasun bat dela, eta gure asmoa ez da inundik ere musikatik bizitzea".
Otegik Elgoibarko musika eskolan egin zituen musika ikasketak, eta bertan hasi zen gitarra jotzen. Gerora, bere kontura jotzen hasi zen, eta beste musikari batzuekin batzen zen Fundizioko lokalean eta musikari batzuk Sallobenten zuten lokalean. Musika ihesbide bat da beretzat, eguneroko lanetik eta errutinatik irteteko. Judash Eibarko Musikarien Elkartean sartuta dago, eta iruditzen zaio horrelako elkarteen ekarpena garrantzitsua dela musikan hasi nahi dutenentzat. Judash-ek hasi du bere bidea, eta aurrera begirako asmoen artean kontzertuak ematea eta musikaz gozatzea aipatu ditu Otegik. "Baionako gaztetxean eman genuen kontzertuan izugarri gozatu genuen, eta horrela segitzea da gure asmoa".
Eibarko Eta Kitto! toki komunikabidekoak ere batu dira Judasheko kideekin eta bideo batean jaso dute solasaldia.