Udaletxeko arkupeetatik abiatu dira ezpata dantzariak, agintariak eta Udal Txistulari Taldea atzetik zituztela, eta plazatik San Bartolome eliza atarira arteko bidea egin dute. Meza amaieran elizako ateak ireki eta Haritzeko ezpata-txikiak sartu dira dantzan egitera, eta behin meza amaitu denean, ezpata-dantzari guztiak elizaren kanpoaldean bildu dira dantza egin eta prozesioari ekiteko. Ohi duten moduan, kalebarren plazan geldialdia egin dute eta Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren azpian dantzatu dute gero, herritarrez inguratuta. Azken dantza saioa Kalegoen plazan izan da, eta udaltxeko arkupeetan amaitu dute dantzaldia, hasitako lekuan.
500 urteko tradizioa dauka ezpata dantzak, eta Haritz Dantza Taldeak 2009an berreskuratu zuen dantza hau Elgoibarrerako. Ordutik, Errosario Kaleko Amaren Egunaren bueltan irudikatzen dute.
Dantzarien arteko kate edo soka lotzeko ezpatak erabiltzen direla da dantza honen ezaugarri bereizlea. Dantzari batzuek heldulekutik heltzen diote ezpata pisutsuari eta punta eskaintzen dio aldamenean duen dantzariari, eta era horretan hainbat figura irudikatzen dituzte: izarrak, zubiak edo arrosak. Euskal ezpata dantzak badu gainerakoetatik bereizi ohi duen beste ezaugarri bat: bakarlariak ez dira taldeari loturik joaten, eta ezpata txikiak eskuan dantza erakustaldia egiten dute gainerakoen aurrean.
Europa osoan zabaldutako dantza generoa da ezpata-dantzena, eta baita Euskal Herrian ere. Dantza hauek boladan zeuden garaian, XV. eta XVI. mendean, ezpatak tresna zabalduak ziren eta denborarekin bi gauza gertatu zirela dio Oier Araolazak 'Berria' egunkarian: "Batetik, dantzetan ezpatak erabiltzea debekatu zen toki askotan, liskar iturri izaten zirelako, edota dantzatzerakoan ebakiak egitea erraza izaten zelako, nahiz eta ezpatari puntatik heltzeko lastoa edo beste materialak erabiltzen zituzten. Auziak, erailketak... izan dira. Maiz, ezpata dantzan hasi eta epaitegietan bukatzen zutelako dugu dantzen berri egun".