Hasteko, domeka goizerako, sokamuturra antolatu du Udalak. 08:00etan hasi eta 10:45ean amaituko da. Saka ganadutegiko ganaduak askatuko dituzte King-Kong parean, eta betiko kaleak itxiko dituzte: Kalebarren plaza, San Bartolome eta Errosario kaleak, Kalegoen plaza, Bolatokiko parkea eta San Ana kalea. Sokamuturraren ostean txorizo egosia eta salda banatuko dituzte bai EAJ aldrrdiak eta baita Sanlok ere, azken horiek Maalan izango duten Garagardo Azokako karpan.
Ezpata-dantza, hamabosgarrengoz
Sokamuturra amaitu eta gero, Errosarioko Amaren Ezpata-dantza kaleratuko dute Haritz Euskal Dantzari Taldekoek Elgoibarren, XV. urtez. Meza nagusia, goizeko 11:15ean hasiko da. Mezetan, Haritzeko ezpata-txikiek eliza barruan dantzatuko dute eta jarraian, behin meza bukatuta, ezpata-dantzari guztiak elizaren kanpoaldean bilduko dira dantza egin eta prozesioari ekiteko. Hortik, San Bartolome kalera abiatuko dira, Elgoibarko Udal Txistulariak lagun dituztela, eta Kultur Etxe parean geldialdia egingo dute, dantzarako. Ondoren, Errosario kalean barrena sartu eta Ama Birjinaren azpian dantzatuko dira. Handik, Kalegoen Plazara itzuliko dira, eta dantzan bukatuko dute eguneko ekitaldia.
Astelehenean, berriz, 20:00etan salbea abestuko dute Errosarioko Ama Birjinaren aurrean.