C.D. Elgoibarren barruan hasi zuen bere ibilbidea Sanlo eskubaloi taldeak, eta 1999an futbol taldetik bereiztea erabaki zuten. Sanlo izena ipini zioten klubari, entrenamenduetan Sallobentera joaten zirelako korrika egitera, eta Jose Ignacio Jauregi izan zen lehenengo presidentea. Mende laurdena pasatu da ordutik, eta zailtasunak zailtasun, eskubaloia "osasuntsu" dago Elgoibarren. 12 talde ditu klubak, bost gizonezkoenak eta zazpi emakumezkoenak, eta horrez gain, Eskubaloi Eskola ere martxan dago. Asteburu honetan Sanlobeer garagardo festa ospatuko dute, eta hori izango da urteurreneko ekintzetan azkena.
Sanlok 25 urte bete dituen honetan, zein egoeratan dago kluba?
Kluba oso ondo dago. Kontuan hartu behar da hemen lanean ari garen guztiak boluntarioak garela eta 25 urte hauetan jende pila batek egin duela lan eskubaloiaren alde. Eskubaloia Elgoibarren osasuntsu dago, indarra dauka, baina gauden lekura iristeko lan handia egin du jende askok 25 urtean. Inplikazio handia dago klubean, eta askok seme-alabek eskubaloia laga ondoren ere lanean jarraitu izan dute.
C.D. Elgoibarren barruan sortu zen eskubaloi taldea, eta duela 25 urte bere bidea egitea erabaki zuen. Zer dela-eta?
Garai hartan Jose Inazio Jauregi zegoen presidente eta futboletik bereiztea erabaki zuten, eskubaloiari garrantzia emateko. Anekdota bezala kontatzen du pezeta baten truke erosi ziotela C.D. Elgoibarri eskubaloi taldea, eta gaur egun oraindik ere pezeta hori ordaintzeko dagoela. Taldeari izena jartzerakoan ere aukera desberdinak egon ziren mahai gainean. Jauregik Atxolin proposatu zuen, baina azkenean entrenamenduetan beti San Lorentzora joaten zirenez korrika, Sanlo izena ipintzea bururatu zitzaien. 25 urte pasatu dira ordutik, eta eskubaloiak egin du bere lekua Elgoibarren. Oraindik futbolak jokalari asko kentzen dizkigu, mutiletan batez ere, baina pozik gaude eskubaloiak herrian daukan harrerarekin. Aurtengo denboraldian 12 talde ditugu, eta
beste hiru talde daude Eskubaloi Eskolan. Jokalari gehiago ditugu emakumezkoak, baina mutiletan, infantil eta kadeteetan esaterako, justu samar gabiltza. Mutilak, normalean, futbolean lekurik gabe geratzen direnean etortzen dira eskubaloira, oraindik ere beraien lehen aukera futbola da, baina neska asko hasieratik etortzen dira eskubaloira.
Eskubaloia ezagutzera emateko ekintzak egiten dituzue urtean zehar.
Bai, gure helburua da jendea erakartzea, batez ere, mutilak. Umetatik etortzea da egokiena, harrobia lantzeko, eta saiatzen gara eskubaloia kalera atzeratzen, jendeak ezagutu dezan. Baina futbolak indar handia dauka oraindik, telebistan eta komunikabideetan ere kirol izarra da, eta azkenaldian emakumezkoen futbola ere asko indartu da. Lehia zaila daukagu, baina guk lanean jarraituko dugu, kalean ere zarata ateratzen. Sanlo familia bat da, hemen sartzen dena oso gustura egoten da, eta eskubaloia probatzen duena ez da damutzen. Kirol oso azkarra da, aldaketa asko egin behar izaten dira eta jokalari guztiek jokatzen dute. Hori asko gustatzen zaie, denek hartzen dutelako parte eta denek daukatelako jokatzeko aukera. Lehen udako eskubaloi campusa ere antolatzen genuen, eta gustatuko litzaiguke berreskuratzea.
Eskubaloiak Elgoibarren daukan harreraren islada izan zen Vucinic txapelketak utzi zuen irudia. Jokalari pila bat kantxan eta harmailak ere beteta.
Bai, txapelketa horrek daukan harrera sekulakoa da. Talde guztiak oso gustura etortzen dira, eta beste klub batzuetatik ere deitu digute etorri nahi dutela esanez, baina zortzi talde baino gehiago ezin ditugu hartu. Nafarroako Anaitasuna taldearentzat, adibidez, asteburu berezia izaten da. Aubixan hartzen dute ostatu eta oso gustura egoten dira. Pozik gaude txapelketa horrek daukan oihartzunarekin, Elgoibartik kanpora ere Sanlo ezagutzera ematen duelako. Gurean ez ezik, hemendik kanpora ere badauka izena Sanlok, eta jokalari profesional batzuk ere irten dira Elgoibartik; beraz, gu pozik gaude.
Presidente karguan zaude orain, eta zu zara Sanloren aurpegia. Nola daramazu?
Bai, 2023an berritu genuen Zuzendaritza Taldea, eta hamar lagun sartu ginen, denok jokalarien gurasoak, lagunak edo gertukoak. Borondatez ari gara hemen, daukagun onena ematen, eta badakigu denen gustua egitea ezinezkoa dela. Kritikak jasotzen ditugu askotan, baina guk ez dugu ezer fede txarrez egiten. Batzuetan asmatuko dugu eta beste batzuetan ez, baina hobeto egingo duela uste duenak badauka zuzendaritzan sartu eta bere ideiak proposatzeko aukera. Ateak zabalik daude; hemen denok gara boluntarioak.
Urteurrena ospatzeko urtea izan duzue aurtengoa. Nola joan da?
Ondo joan da. Urte hasieran 25. urteurrena irudikatzeko logotipoa egin genuen, eta hori erabili dugu aurtengo euskarri guztietan. Horrez gain, iazko denboraldi amaierako Sanlo Festan klubeko lehendakari izan direnei errekonozimendua egin genien, eta baita aurreko zuzendaritzako kideei ere. Izugarri lagundu digute guztiek, eta eskerrak eman nahi genizkien. Erakusketa osatzeko argazkiak lortzen bereziki lan handia egin dute, eta oso ondo geratu zen. Bideo bat ere egin dugu, eta asteburu honetarako Sanlobeer garagardo azoka antolatu dugu. Azoka hau antolatzeko ere, gurasoen laguntza ezinbestekoa da. Gure asmoa da azoka honetan babesleei eskerrak ematea. Beraiekin harremanak sendotu nahi ditugu, ez izatea dirua ematea bakarrik. Pentsatzen ari gara talde bakoitza babesle duen enpresara joatea, apur bat ezagutzeko zer egiten duten. Elkarlana oso garrantzitsua da. Zapaturako Rallysprintekoek sari banaketa gure karpan egiko baimena eskatu ziguten, eta han egingo dute, eta domekako sokamuturraren ostean ere, txorizoa banatuko dugu, Maalan. Urteurrena amaitzeko eskatuta daukagu baita ere Elgoibar izatea aurtengo Eskubaloi Federazioak ematen dituen sarien egoitza, baina ez dakit emango diguten.
Aurtengo denboraldia ere martxan da. Zein helburu jarri dituzue?
Ahal dela kategoria guztietan mailari eustea da gure helburu nagusia. Nik uste dut helburu lorgarria dela, talde oso politak dauzkagulako. Beste helburu bat da alebin eta benjamin mailetan mutilak erakartzea. Maila horietan zazpi jokalari bakarrik ditugu talde bakoitzean, eta hori oso kopuru justua da. Harrobia indartu behar dugu, gaztetxoak direlako etorkizuna. Aurten arduradun bat jarri dugu eskubaloi eskolarako eta eskatu dugu entrenatzaile titulua ateratzeko teknifikazio ikastaroa Elgoibarren egitea.
Eta, aurrera begira, zein dira zuen asmoak?
Aurrera begira gustatuko litzaiguke talde seniorrak nazional mailara iristea berriz. Alcorta egon zen maila horretan eta ez zer urte erraza izan, baina edozeinek ezin du esan maila horretan egon denik. Emakumezkoak ere nazional mailara igotzea ondo egongo litzateke.