Elgoibarko Sanlo Eskubaloi Kirol taldeak 25 urte bete ditu aurten eta urte guztian dihardute ospatzen. Besteak beste, goi mailako eskubaloi partidak antolatu zituzten sanbartolomeetan eta erakusketa ere ipini zuten jaietan Kultur Etxean. Orain, 25 urteotan klubaren bueltan ibili diren hainbat lagunen kontakizunekin ondu dute 12 minutuko dokumental laburra.
Klubaren sorrera nolakoa izan zen jaso dute, izena nondik datorren azalduz, hau da, zergatik eta nola gailendu zitzaion Sanlo izena Atxolini. C.D. Elgoibarretik banandu eta sekzioa nola sortu zuten ere azaltzen dute. Eskubaloi sekzio hura izan zen Sanloren sustraia, eta sekzioa sortzeak zenbateko kostua izan zuen ere gogoan du Jose Ignazio Jauregi lehen presidenteak, oraindik ordaintzeke dagoena, bideoan zehazten duenez.
Sanlok izan dituen lorpen handienekin batera, egin behar izan dituzten lan gezagoak ere gogora ekarri dituzte urteotan Sanloko presidente izandako hainbat lagunek, besteak beste, Jose Ignazio Jauregi (1999-2003), Jabier Agirre (2003-2005), Rafa Alvarez (2006-2008), Carlos Ayesta (2008-2010), Cesar Arriola (2010-2016) eta Aitor Urain (2017-2023).
Gurasoek osatutako kluba dela dio Aitor Urainek, zazpi urtean Sanloko presidente izanak, eta gurasoen zein jokalarien arteko harremanek luze irauten dutela, jokatzeari laga eta gero ere bai, klubean dagoen giro onagatik. Ideia horretan sakonduz, Sanloren hasierako urteetan entrenatzaile lanetan aritu zen Ales Arrietaren iritziz, mugarria izan zen zuzendaritzaren ardura hartu zuten gurasoek hartu zuten erabaki bat. "Entrenatzaileoi entrenatzeaz bakarrik arduratzeko esan ziguten. Gainerakoak, ordutegiak, dirua, ekonomia... euren ardura izango zela esan ziguten. Funtsezko erabakia izan zen eta guraso talde hark eduki zuen buru-argitasunari zor diogu".
Igor Lizarralde entrenatzaile ohiak, taldeetako kapitainek duten garrantzia jarri du balioan bideoan eginiko adierazpenetan, gauzak ondo irteten ez direnetan duten garrantziagatik. Sanloko jokalari izandakoek talde giroaz berba egiten dute ikusentzunezkoan. "Onerako eta txarrerako, Sanlo familia bat izan da niretzat", dio 14 urtez Sanloko jokalari izandako Ainhoa Urbizuk. Gorka Garatek eta Julen Hernandezek zuten harreman bereziaz dihardute. Euren hastapenetak nolakoak izan ziren edota gertatutako bitxikeriez ere berba egiten dute hainbat jokalari eta entrenatzaile ohik, Sanloko kide izateak sortzen dien harrotasun sentsazioa, esaterako.
Hona hemen Sanloren 25. urteurrenari buruzko ikus-entzunezkoa: