'Guria erabili zeinke' egitasmoan parte hartzeko deia egin diete dendariei

Barren 2024ko urr. 2a, 17:01

Haur eta nerabeei sakeleko telefonoa edo erloju mobila erabiltzeko beharra murriztea da Guria erabili zeinke izeneko kanpainaren helburua, eta dendarien beharra daukate egitasmoa aurrera eramateko.

Elgoibarko Amatau Mobila taldeak, Guria erabili zeinke kanpaina jarri du martxan, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. 8 eta 16 urteko haur eta nerabeei zuzendutako egitasmoa da, eta helburu nagusia haur eta nerabeei sakeleko telefonoa edo erloju mobila erabiltzeko beharra murriztea da.

Izena emateko

Egitasmoa aurrera eramateko denden beharra daukate, eta parte hartzeko deia egin diete dendariei. Dendariek beraien establezimenduko telefonoa jarriko dute haur eta nerabeen eskura, beharra dutenean erabiltzeko. Parte hartzeko interesa dutenek urriaren 7rako eman behar dute izena labur.eus/gureaerabildezakezu helbidean eskatzen zaizkien datuak emanda. Kanpainan parte hartzen duten dendetan identifikazio irudia egongo da jarrita. 

Amatau Mobila taldea Gipuzkoako Altxa burua ekimenaren baitan sortu du Elgoibarko guraso talde batek, haur eta nerabeek sakelako telefonoa eta pantailez egiten duten erabilerak kezkatuta. Udaleko Ongizate eta Gazteria eta Hezkuntza sailek ere bat egin dute taldearekin eta elkarlanean dihardute Interneterako sarbidea duten gailuak ematea berandutzeko estrategia bateratu baten alde. 

Taldeak urtebete darama martxan eta formazioan eragin dute orain arte. Gurasoentzako formakuntza saioak eman zituen Telmo Lazkanok, eta haur eta nerabeekin lan egiten duten hezitzaileen formakuntzak ere sustatu ditu taldeak, hala nola ikastetxeetako digitalizazio protokoloak lantzeko tutoretza saioak. Dekalogo bat ere diseinatu dute.

Aurreratu dutenez, Eguberrietarako beste kanpaina bat ari dira lantzen Udalarekin elkarlanean.