Kezkak batuta

Ainhoa Andonegi 2024ko mai. 10a, 12:30

LH6-ko ikasleen guraso talde batek eman zuen Amatau Mobila, Altxa Burua taldea sortzeko bidea. Lagunartean sakelako telefonoak agertzen hasi zirenean seme-alaben jolasteko modua aldatu zela konturatu ziren, eta horren kontra zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.

Iraila zen, ikasturte hasiera, eta ordurako beste herri batzuetan ere hasita zegoen pantailen erabileraren gaineko eztabaida. Bildu ziren dozena erdi bat guraso, eta lehenik eta behin, galdetegi bat bidali zieten beste gurasoei, egoeraren diagnosia egiteko. Kezkatuta ageri ziren gehienak, eta kezka horrek batu ditu. Telefonoa amatatu eta elkarrekin konektatuta nahi dute hemendik aurrerako bidea egin, taldean gauzak hobeto funtzionatzen dutelako.  Hilabete hauetako hausnarketa konpartitu zuten eguaztenean, Kultur Etxeko sotoan. 

Hogei bat lagun daude Amatau Mobila, Altxa Burua Elgoibarko talde eragilean, eta horietako hiru dira Ana Bereziartua, Ander Cristobal eta Naiara Ibarra. LH6ko hiru ikasleren guraso dira, eta sakelako telefonoak euren arteko  harremanetan eta jolasteko eran izan duen eraginak jarri zituen alertan: "Ikasturte hasieran konturatu ginen egoera aldatu egin zela. Lagun batzuk sakelakoa ekarri zuten, eta hasi ziren jolastu beharrean, denak pantailari begira egoten. Ez zuten hitzik egiten, telefonoko jolasen bidez erlazionatzen ziren, eta jakina, sakelakorik ez zeukatenak, etxera joaten ziren, aspertuta", azaldu du Ana Bereziartuak. Egoera larria iruditu zitzaiela gehitu du Ander Cristobalek, eta Gabonetako opari modura denak sakelakoa eskatzen hasi zirela gogoratu du Naiara Ibarrak. Kezka hori beste guraso batzuekin konpartitu zuten, eta ikusi zuten bakoitzak bere errealitatea izan arren, kezka bera zeukatela guztiek. LH6ko ordezkariak bildu, eta lehenengo egoeraren diagnosi moduko bat egitea erabaki zuten, galdetegi baten bidez. Galdetegia erantzun zuten gurasoen %97k esan zuten seme-alabek sakelakoa erabiltzeko duten moduarekin kezkatuta zeudela, eta gurasoek egoera honen aurrean zerbait egin beharko luketela erantzun zuten 100%ek.  Ekimen bateratu batean parte hartzeko prest agertu ziren %89, eta %47k esan zuten ezagutzen zituztela inguruko herrietan sortzen ari ziren antzerako mugimenduak. 


Konturatu ziren ez zeudela bakarrik guda honetan eta familia askoren arazoa zela. Beste herrietako esperientziak ezagutu nahi zituzten, eta Tolosara joan ziren hango taldearen bilera batera. Herri askotako ordezkariak bildu ziren han, eta bakoitzak bere bizipenak azaldu zituen, baina denek bat egiten zuten gauza batean: ezin ziren legedia arautu baten zain egon; horren aurretik gurasoek zerbait egin behar zutela. "Gipuzkoan indar handia hartzen ari da Altxa Burua taldea, eta Kataluniatik ere jaso dute deia hemengo mugimendua ezagutzeko. Gizarte osoa dago gai honekin kezkatuta, eta ezin gara legeak sortzeko zain egon. Neurri batzuk hartu behar ditugu denon artean". Zeregin horretan, herriko beste eragileen babesa ere nahiko lukete, dela kirol taldeak, kultur taldeak, musika eragileak... "Azken batean gure seme-alabak mugitzen diren guneetako eragileek ere zeresan handia dutela iruditzen zaigu, eta elkarlanean gauza asko lortu ditzakegula uste dugu". 


LH6koek hasi zuten mugimendua, baina beheragoko mailetara ere zabaldu zuten taldera batzeko aukera, eta une honetan LH1etik LH6ra bitartekoak biltzen dira Amatau Mobila taldean. Talde irekia da, Elgoibarren haurrek sakelakoari ematen dioten erabilerak kezkatuta sortu den guraso ekimena. Ez dira adituak, kezkatuta dauden gurasoak baizik, eta egoera desberdinak ulertzeko eta partekatzeko gune bat sortu dute, inor epaitzeko asmorik gabe, seme-alaben ongizatearen alde lan egiteko. Familia guztien erabakiak errespetatzen dituzte, eta garbi dute ez diotela inori esango zer egin behar duen. Informazioa eman eta esperientziak partekatuz, kezka horri buruz hausnartu nahi dute. Elkarri entzunez ikasi nahi dute, beti ere, errespetu giroan. Helburu nagusia seme-alabei sakelakoa emateko adina atzeratzea da. "16 urteko adina aipatzen dute adituek egokia izan daitekeela, baina guk ez dugu adin zehatzik jarri, familia bakoitzak bere errealitatea daukalako. Ahal den gehien atzeratzea nahiko genuke, eta gutxienez ohitura batzuk aldatzea. Kalera telefonorik gabe irtetzea, esaterako, asko da".

KONPROMISOAK
Amatau Mobila taldekoek udazkenetik gaur arte egin duten hausnarketa konpartitu zuten eguaztenean Kultur Etxeko sotoan. Jende asko batu zen, eta argi ikusi zen kezka badagoela. Guraso aktiboak dira batzuk, lanean dihardutenak, baina guraso pasiboak ere oso aintzat hartzen dituzte, hau da, taldeak proposatzen duenarekin bat egiten dutenak. Hasteko konpromiso batzuk aurkeztu dituzte, denen artean adostuta eta taldean lan egitea errazagoa izango dela sinistuta. "Askotan gure seme-alaba bakarrik geratzeko beldurragatik ematen diegu sakelakoa, eta konpromisoak taldean hartuta, hori ebitatuko genuke". Lau dira proposatu dituzten konpromisoak, eta gurasoei eskatu diete ados dauden edo ez adierazteko.  Konpromiso horiek biltzen dituen dokumentua gurasoen artean partekatuko dute modu fisikoan edota digitalean, nahi dutenek sinatu dezaten. Ikasturtez ikasturte konpromiso hauen jarraipena egingo dute, beti ere taldearen adostasuna bilatuz. Alboko koadroan dituzue konpromiso horiek: 

1. 16 urte bete arte nerabeek sakelako telefono propioa edukitzea atzeratzeko konpromisoa hartzea: Adituek diote 16 urte bete arte garunaren garapenak ez duela nahikoa heldutasun eta gaztea ez dagoela prestatuta mugikorra izateko.
2. Internetera konektatu daitezkeen gailuak gune komunetan erabiltzeko konpromisoa hartzea: gailu komunak (tableta, mugikorra, bideo jokoak, ordenagailua,…) helduekin partekatutako gune zehatzetara mugatu.
3. Edukien kontsumo-denbora mugatzeko konpromisoa hartzea: Adituek edukien kontsumo denbora mugatu eta internetetik kanpoko beste jarduera mota batzuekin orekatu behar dela diote. Ordutegi eta egun zehatzak adostu, lo egin aurreko orduak, familiako orduak eta lagunen aisialdi denborak lehenetsiz.
4. 14 urte baino lehen sare sozialetan perfilik ez sortzeko konpromisoa: Gaur egun legeak hala arautzen duelako.