520 bat lagunek dihardute futbolean Club Deportivo Elgoibarren; 20 taldetan eta Futbol Eskolan banatuta. Azken horretan, Futbol Eskolan, 120 bat neska-mutil arituko dira aurten. Iazko talde kopuru bera izango du aurten klubak, kadeteen talde bat gutxiago eta alebinetako bat gehiago. Gizonezkoen taldeak dira hamabost eta emakumezkoenak bost. Fitxak gutxitu behar izan dituzte hainbat taldetan, eta deskarte horiek egitea izan dela gogorrena esan du Txus Altzaga presidenteak. "Gurasoei berri ematea izan da gogorrena, baina dauzkagun baliabideetara moldatu beharra daukagu. Futbol zelai berri bat izango bagenu, denentzako lekua izango genuke taldeetan. Gainera, horrenbeste talderen entrenamenduak antolatzea buruhauste handia da", dio. Entrenamenduetarako zelaigune berri bat egiten ari dira porterietako baten atzean, baina presidentearen hitzetan ez da nahikoa leku faltaren arazoa konpontzeko. Osterantzean gustura da azken asteetan Mintxetan egin dituzten berrikuntzekin, argiteria eta bozgorailu sistema berritu baitituzte, eta Altzagak eskerrak eman dizkio Udalari.
Ilusioa, harmailak betetzeko giltza
Kirol arloan zaleen artean ilusioa berpiztu eta Mintxetako harmailetara jende gehiago erakarri nahi dute, horiek dira denboraldi berrirak helburu nagusiak Altzagaren berbetan. Gizonezkoen Haundi taldea asko gaztetu dela azaldu du, eta esperientzia falta hori igarriko dutela denboraldi hasieran bereziki. "Beterano askok laga dute taldea, lesioegatik edo airez aldatu dutelako, eta entrenatzaileak ere berriak dira. Horregatik ez diegu kirol helburu zehatzik ipini, eta halaxe esan diet jokalariei eurei ere. Eskatu diedan bakarra da duten dena ematea zaleen ilusioa berpizteko. Gogotsu ikusten ditut".
Etxeko lehen partida eta 'Kuki'ri omenaldia
Haundi gizonezkoek joan zen zapatuan hasi zuten liga txapelketa Mutrikun, banako berdinketa batekin. Zapatu honetan jokatuko dute ligako etxeko aurreneko partida, 16:30ean, Mintxetan. Gainera, partida hasi aurretik, klubarentzako lanean 45 urte egin dituen material arduraduna, Sergio Gonzalez "Kuki", omentzeko ekitaldia egingo dute.
Emakumezkoen Haundi taldean bestelakoa da egoera. Apenas egon da aldaketarik iaztik hona, kadeteetatik senior mailarako jauzia egin duten hiruzpalau jokalari dira berritasun nagusia. Domekan egingo dute Ligako debuta, 16:00etan Mintxetan, Antiguoko talde indartsuaren aurka. "Mailari eustea izan zen iaz izan genuen helburua, eta iazko sailkapena hobetzea izango da aurtengoa", dio presidenteak.
Dirua eta enpresen babesa
Kirol kontuak aparte lagata, zuzendaritzaren helburu nagusia dirua lortzea izango da denboraldi honetan. "Handiak dira gastuak, gutxi edo gehiago entrenatzaile guztiek kobratzen baitute zerbait, taldeen bidaietarako ere dirua behar da, eta gastu guztiei aurre egiteko diru sarrera gehiago behar dugu. Mintxetako hesi guztiak publizitatez betetzea da gure buruari jarri diogun erronka, eta Elgoibarko eta Mendaroko enpresa guztiei eskatuko diegu euren laguntza eta babesa.