Sanbartolomeak 2024

Arnasa hartzeko atsedenaren ostean, gazteen eta baserritarren egunekin amaituko dira sanbartolomeak

Barren 2024ko abu. 29a, 17:59

Bi zati dituzte aurtengo sanbartolomeek. Lehen zatiko lau jai egunak joan ziren, eta hiru eguneko atsedenaren ostean, gazteei eta baserritarrei eskainitako egunekin agurtuko dira jaiak asteburuan.

Elgoibarko dultzaineroen dianarekin hasiko da berriro jai giroa bariku goizean goiz. Dianaren ostean hasiko da jaietako azken sokamuturra, Albara ganadutegikoek Elgoibarren egingo duten estreinakoa

Nerabeen eta Gazteen Eguna izango da barikua eta makina bat ekitaldi izango dira: Goitibehera jaitsiera eta drift trike erakustaldia, musika, herri kirolak...

Herri Kirolen Triatloi Txapelketa

Hain zuzen, Herri Kirolen Triatloi Txapelketa jokatuko dute hirugarrengoz, Aita Agirre plazan, 19:00etan (euria bada, Ikastolan). Hamabi emakumezko kirolari lehiatuko dira hiru laguneko lau taldetan: Araba taldea (Esti Garcia Durana, Oihana Fdz. De Barrena eta Sara Jimenez De Aberasturi), Bizkaia taldea (Patricia Martin, Karmele Gisasola eta Nerea Egurrola), Gipuzkoa taldea (Lierni Osa, Nerea Arruti eta Ainitze Zumeta)eta Napar taldea (Estefania Etxebeste, Nerea Sorondo eta Iranzu Fierro). Lau taldeak aizkoran, harri-jasotzen eta txingak eroaten lehiatuko dira.

Bi bazkari

Eguerdian elkarrekin bazkalduko dute eguneko protagonistek, gazteek, bi bazkaritan baina. Gaztetxoenak, nerabeak, San Bartolom, eta Kitziki taldearen emanaldiarekin girotuko dute bazkalostea. Bestalde, gainerako gazteek Gune Askekoek antolatutako bazkarian jateko aukera izango dute, Sigmako aparkalekuan. Ñozz elektrotxarangaren kalejira eta jolas- poteoa antolatu dituzte arratsalderako, 18:00etatik aurrera.

Iluntzean eta gauean musika aukera zabala izango da, Oihan Vegaren eta DJ Agoteren zein Akerbeltz eta Hauek taldeen emanaldiekin.

Hona iazko Gazteen Eguneko laburpen-bideoa: