Bertako eta galtzeko zorian dauden larrabehi arrazako abereak hazten dituzte Asier Albitek eta Maddi Mendibilek Endoian (Deba).
Albaitaria da Albite eta txikitatik ibili izan da abere suhar artean, inguruko abeltzainei laguntzen, eta bere ganadutegia sortzeko ametsa izan du beti. Gaur egun, albaitari ez ezik, abeltzain moduan ere badihardu, 2023an Albara Ganadutegia sortu zuenetik.
Mendibil ere abere suharren inguruan lanean dabil azken urteotan, filosofiako gradu amaierako eta zientziaren filosofiako master amaierako lanak gai horren inguruan egin ondotik, 2023tik doktoretza tesia egiten ari da zezen festa herrikoietako ganaduaren etxekotze motaren inguruan.
Biak aritzen dira gaur egun ganadutegiko eguneroko lanetan eta martxa onean ari dira, udako 17. irteera izango baita Albararentzat biharko Elgoibarkoa. Albite komentarista-lanetan ere aritu da orain gutxi Euskal Telebistan eman dituzten Falceseko entzierro ezagunetan. Mendibil ere elkarrizketatu zuten bere tesiaren inguruan, saioetako batean (37.minututik aurrera)
Elgoibarko kaleetan ibiliko diren behiak eta idia
Umetatik bizi izan du Mendibilek herriko sokamuturra eta Albitek urte askoan lagundu izan dio Arnori bertan. Ilusioz daude, hortaz, herrian bertan lehenengo aldiz beraien ganaduak ekartzeko. Aste hasieratik prest dituzte Elgoibarko kaleetan ibiliko diren behiak eta idia: Dersu, Nietzsche, Hartza, Leire, Nietzsche 2, Txusma, Dantzari, Trilladora eta Pitxon.
Lotura duten albisteak:
- Dianarekin eta sokamuturrarekin hasi da Txiki Eguna (2024-08-26)
- Umeen eta jubilatuen eguna, irudietan (2024-08-25)