Sanbartolomeak 2024

2024ko San Bartolome Eguna, irudietan

Barren 2024ko abu. 24a, 22:09

Sanbartolomeetako bigarren egunak ere hainbat irudi laga ditu. Euskal musika eta dantzak izan dira San Bartolome Eguneko osagai nagusiak.

Eguraldiak baldintzatutako bi zati izan ditu egunak. Goiz parteko ekitaldiak giro eguzkitsuarekin egin ahal izan dituzte. Arratsalderako lainotu egin da zerua eta euria hasi du. Horren ondorioz, umeentzako jolasak eta puzgarriak Sigmako aterpean muntatu dituzte eta erraldoi eta buruhandiak ez dira irten. 
Gainerako ekitaldiak arazorik gabe egin dituzte, aterpean: Marietak Zirkus kale antzerkia Maalan; eta, pilota partiduak Ikastolako frontoian. Partida estelarrean, Altuna III eta Rezusta nagusitu dira Ezkurdiak eta Zabaletak osatutako bikotearen aurka.
Larrain-Dantza herrikoia ere egin dute Maalan, Gune Askekoek antolatuta, eta adin askotariko jende ugari batu da, bai dantzarako eta baita ikusteko ere. 

Gauean kontzertuak egon dira, Kalegoen plazan zein Maalan. Brilet talde elgoibartarra plazan aritu da, bigarren urtez jarraian, eta iaz moduan euritan jarraitu behar izan dute emanaldia zaleek.