Sanbartolomeak 2024

Tradizioz, dantzaz eta musikaz betea dator San Bartolome Eguna

Barren 2024ko abu. 24a, 19:07

Herriko zaindariaren omenezko eguna ospatzen dihardu gaur Elgoibarrek. Euskal doinuekin esnatu da eguna, Iruñeko eta Guardiako dultzaineroen zein Udal Txistulari taldekoen dianekin, hain justu ere. 

Eta dianekin elgoibartarrak esnatzerik lortu ez badute, Udal Musika Bandaren kalejirak girotu ditu festarako lotienak. 
Herriko zaindariaren irudia prozesioan atera dute gero San Bartolome eta Errosario kaletan barrena, musika bandaren eta txistularien laguntzaz. Udal agintariek ere hartu dute parte prozesioan. Meza nagusia ospatu dute gero eliztarrek eta soka-dantza ere eliza barruan hasi dute, ohi duten moduan. Kalegoen plazan eman diote jarraipena dantzari, iazko bero sargoririk gabe, baina dezenteko beroarekin. Itzalean zeuden aulkiak izan dira preziatuenak. Haritz taldeko dantzariak sasoiko daude eta ez da nabaritu berorik pasa dutenik. 
Soka-dantzaren ostean, kontzertua eman du Udal Musika Bandak, iaz moduan eliza barruko freskotasunean. 

Iragarrita zegoen moduan, arratsaldean lainotu egin da oskarbi zegoen zerua eta euria hasi da 16:30ak inguruan. Hortaz, Aita Agirre plazan ipini behar zituzten haur eta nerabeentzako parkea eta Kalegoen Plazan ipintzekoak zituzten puzgarriak Sigmako aparkaleku estalian egongo dira.

Era berean, erraldoi eta buruhandiek ez irtetea erabaki dute, eguraldiagatik.