Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, proiektuak 206.672,76 euroko aurrekontua dauka, eta obrak amaitzeko epea bi hilabetekoa da. Ikasturtea amaitu ostean egin nahi dituzte obrak, ikasleei eta irakasleei kalterik ez eragiteko.
Egungo estalkia 2010ekoa da. Metalezko egitura da eta aurrealdeko eta goiko itxiturak dituen estalkia da, polikarbonatozko plakekin konbinatutako txapa metalikozkoa. Ez du alboko itxiturarik eguraldi txarretik babesteko. Horren ondorioz, euria egiten duenean, joko-zelaiaren zati handi bat busti egiten da, erabilera zailduz. Horregatik idatzi du Udalak alboko itxiturak eraikitzeko proiektua.
Interesa duten enpresek maiatzaren 20ra arte aurkez ditzakete proposamenak, Elgoibarko Udalaren Kontratatzailearen Profilaren bidez.