78 moto gidari zeuden izena emanda eta 71k hartu zuten irteera azkenean. Urnobitza motoklubekoek prestatutako 15 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren eta iaz moduan, Unai Beristain (Azpeitia, 1996) moldatu zen hobekien lokatzez beteta zegoen ibilbidera. Mendiko motorrekin jokatzen den lasterketa modalitate honetan zirkuitu batean zehar gainditu beharreko hainbat oztopo izaten dituzte moto gidariek, eta tramu luze bat basoan egiten dute.
Beristainek bederatzi itzuli eman zizkion zirkuituari, 2:11:44.086ko denboran (61,487 kilometro orduko batez besteko abiadura). Itzulirik azkarrena 13:31.045ean egin zuen. Xabier Gallardonek ere bederatzi itzuli eman zituen, baina irabazleak baino hiru minutu eta 17 segundo gehiago erabili zituen. Paul Bravo sailkatu zen hirugarren postuan, zortzi itzulirekin.
Emakumezkoetan parte hartzaile bakarra izan zen, June Lopez Luengo. Sei itzuli osatu zituen (02:06:44.635). Junior mailan Eneko Izagirre Arrizabalaga izan zen azkarrena, 2:05:53.771ko denboran zortzi itzuli osatuz. Mikel Armas Perez eta Oier Santiso Aramaio sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Beteranoen artean Gaizka Fullaondo Alonso izan zen onena.
Bederatzi probek osatzen dute aurtengo Euskadiko eta Nafarroako Cross Country Motor Txapelketa, eta zazpigarrena izan da Elgoibarkoa. Behin behineko sailkapenean bi gidari berdinduta daude aurreneko bi postuetan, biak 137 puntuekin. Asier Larrakoetxea Lopez dago lehen postuan eta Jaime Pradera Abrisketa bigarrengozn. Hirugarren sailkatua dagoen Oier Larruzeak 122 puntu pilatu ditu orain arte jokatutako zazpi lasterketetan.
Idotorbeko Crosscountry moto lasterketa, irudietan (*Argazkiak: Mikel Askasibar):
Lotura duten albisteak: