Uztailaren 6an jokatuko dute bertan behera lagatako Idotorbeko Cross Country moto txapelketa

Barren 2024ko uzt. 2a, 07:47

Zenbait motorzale joan den zapatuan Idotorben. Arg: Josu Atxa.

Anbulantzia medikalizaturik ez zegoela-eta bertan behera laga behar izan zuten, zapatuan, San Pedro jaien barruan egin zuten Idotorbeko Cross Country moto txapelketa. Antolatzaileak oso haserre daude gertatutakoarekin, baina topatu dute proba jokatzeko data berria.

Era honetako kirol jardueretan bi anbulantzia egotera behartzen du araudiak, eta C motako anbulantzia izan behar da horietako bat, bizi-euskarri aurreratua (BEA) eskaintzera bideratutakoa. Urnobitza motoklubetik jakinarazi dutenez, enpresa pribatu bat kontratatu zuten anbulantzia zerbitzua emateko, eta bi anbulantzia bidali zituzten, baina bietako bat ere ez zen medikalizatua. Zaurituak garraiatzeko bakarrik zeuden prestatuta. Hori ikustean, kontratatutako enpresak jarri zuen medikuak baldintza horietan ez zegoela erantzukizuna hartzeko prest esan zien. Honela azaldu dute Urnobitzakoek: "Anbulantzia medikalizatu batean dagoen material eta euskarririk gabe ezin zela probarik jokatu esan zigun medikuak. Bera ez zihoala ardura hori bere gain hartzera. Baldintza horietan aurrera egitea erabakitzen bagenuen ardura gurea zenez, bertan behera lagatzea erabaki genuen. Haserre, oso haserre, kontratatutako enpresak bere partea bete ez zuelako, baina ez genuen beste aukerarik eduki. Halaxe azaldu genien izena emanda zeuden 84 moto gidariei ere, eta erabat ulertu zuten gure egoera. Eta hori, Galiziatik, Frantziatik edota Nafarroatik etorritako pilotuak ere bazeudela. Eta, zer esan proba ikustera etorritakoez. Erabaki zaila izan zen, baina ez genuen beste aukerarik eduki. Pena izugarria eman zigun lagun askok lan handia egin zutelako dena prest egoteko". 
Anbulantzia enpresarekin gertaturikoa Euskadiko Motoziklismo Federazioko abokatuen eskuetan laga dutela gaineratu dute motoklubetik. "Ez dugu haien berri gehiago jakin nahi. Desengainu handia hartu dugu. Ezin genuen sinetsi gertatzen ari zitzaiguna", adierazi dute.

Hasteko prest zeudenean laga zuten bertan behera proba. arg: Josu Atxa.


Zapatuan jokatuko dute

Bertan behera lagatako proba lehenbaitlehen jokatzea nahi zuten antolatzaileek, eta federazioarekin adostu eta gero, zapatu honetan, uztailaren 6an, jokatuko dute San Pedroko Cross Country moto lasterketa. 

Errekonozimendu itzulia 16:00etan egingo dute eta 16:45ean hasiko da lasterketa. 15 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira gidariak.Sari banaketa ekitaldia 19:45ean egingo dute.