Mendiko motorrekin jokatzen diren hainbat modalitate daude: motokrosa, enduroa, hard enduroa, triala, raida... eta crosscountrya ere bada horietako bat. Zirkuitu batean zehar gainditu beharreko hainbat oztopo izaten dituzte moto gidariek, eta tramu luze bat basoan egiten dute. Joan den zapatuko Elgoibarko Crosscountryan Urnobitza moto klubekoek prestatu zuten ibilbidean lehiatu ziren moto gidariak Idotorbe inguruetan, eta Unai Beristain (Azpeitia, 1996) moldatu zen hobekien aurrez aipaturiko baldintzetara. Azpeitiarrak zortzi itzuli eman zizkion basoko ibilbideari, bi ordu, minutu bat eta 19 segundoko denboran. Itzulirik azkarrena 12:55ean egin zuen. Lau minutu eta 26 segundoko aldea atera zion bigarren egin zuen Oihan Meokiri (2:05:45.997) eta zazpi minutuko aldea hirugarren postua lortu zuen Peio Etxebesteri (2:08:25.083). Senior mailan zazpi gidarik lortu zuten zortzi itzuli osatzea.
18 urtez azpikoen mailan Mikel Armas Peres gailendu zen, zazpi itzuli 2:18:53.652ko denboran osatuta. Bi itzuliko aldea atera zien bigarren eta hirugarren sailkatuei: Danel Arrietari (2:07:21.068) eta Goiuri Urra (2:32:40.405). Gaztetxoekin jaraituz, baina juniorretan, Aitor Murua Perez izan zen onena, lau itzuli osatuta (2:27:03.630). Daniel Jauregi (2:00:14.160) sailkatu zen bigarren postuan eta Oier Martija hirugarrengoan (2:00:14.176).
Azkenik, beteranoen artean, Jon Makazaga izan zen gidaririk abilena eta azkarrena. 2:03:39.260ko denboran osatu zituen sei itzuli. Armando Ugarte Pinedo eta Vicente Soldevilla sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
Zortzi probek osatzen dute aurtengo Euskadiko eta Nafarroako Cross Country Motor Txapelketa, eta zazpigarrena izango da Elgoibarkoa, azken aurrekoa. (ikus behin-behineko sailkapenak -PDF-)
Hona Alberto Loyolak ateratako zenbait argazki ikusgarri: