Joan den martxoaren 3an 107 urte bete zituen C.D. Elgoibarrek eta egun seinalatu hori elkartasunerako eguna izatea erabaki zuten. Dirua batzeko hainbat ekintza antolatu zituzten, besteak beste, zozketa bat egin zuten, soberan zituzten arropak salgai jarri zituzten; eta, Haundiko jokalariek ere egin zuten diru ekarpena. Era horretan, 2.400 euro batu zituzten eta besteei laguntzen aritzen diren herriko elkarteei ematea erabaki zuten, honakoei: Elgoibarko Gurutze Gorria, Nuala Elkartea, Dislegi Debabarrena eta Caritas Elgoibar. Elgoibarko Odol Emaileen Elkartekoei ere eskaini zieten laguntza, baina euren partea beste elkarteei banatzeko eskatu zieten odol elkartekoek, eta eurentzako laguntza onena odola ematea zela esan zieten.
Eta, halaxe egin zuten joan den barikuan futbol taldeko zenbait jokalarik eta klubaren bueltako lagunek, Mintxetan duten bulegoan.
Hurrengo odol ateratzea, uztailaren 12an
Herritarrek hurrengo asteko barikuan, uztailaren 12an, izango dute odola emateko aukera Jubilatuen Biltokian. Orain aurrez online txanda hartzeko aukera dago, gotatanta.eus webgunean. Era berean, hurrengo eguaztenetik aurrera 623 328 408 telefono zenbakira deituta edo whatsappa idatzita eskatu ahal izango da txanda.