Odola emateko txanda online hartzeko aukera izango da aurrerantzean

Barren 2024ko eka. 4a, 15:35

Elgoibarko Odol Emaileen elkartetik jakinarazi dutenez, aurrerantzean gotatanta webgunearen bidez ere hartu ahal izango da odola emateko txanda.

 Hilean behin egiten dituzte odol-ateratzeak Elgoibarren, barikuetan, eta boluntarioek telefono bidez hartzen dute odola emateko txanda, eguaztenetik aurrera 623 328 408 telefono zenbakira deituta edo whatsappa idatzita. Aukera horrek bere horretan jarraituko du, baina odol emaileek gotatanta.eus webgunean ere hartu ahal izango dute txanda aurrerantzean.
 Webgune horrek herritarren eskura jartzen ditu odolari eta donazioei buruzko hainbat kontu, besteak beste, odol erreserben unean uneko mailaren berri ematen du, noiz eta zein odol-taldetako donazioak diren premiazkoenak ezagutzera emateko.

  • Elgoibarren ekainaren 14an egingo dute hurrengo odol ateratze saioa, eta astelehenetik aurrera hartu ahal izango da txanda aipaturiko gotatanta webgunean

 

 Debarroko odol emaileen elkarteen urteko topaketa

Debarroko odol emaileen elkarteek Soraluzen egin dute urteroko topaketa. Apirilean elkartu ziren eta besteak beste, aitortza egin zieten hainbeste urtetan Deban, Mendaron, Elgoibarren eta Bergaran orain arte boluntario lanetan ibili diren hainbat ordezkariri.
 Halaber, jakinarazi zuten aurten 60. urteurrena betetzen dutela odol emaileen elkarteek eta euren "oinarri” diren odol emaileak izan zituzten gogoan, haiei eskerrak emanez eta “orain arte eman ez duen orori beldur gabe gerturatzeko” deia eginez, honela: “20 minutu norberaren bizian ez dira, eta, aldiz, hil ala biziko kontua izan daiteke beste askorentzat. Animatu eta gerturatu herriko odol ateratze saioetan parte hartzera”.

Debarroko odol emaileen elkarteen urteko topaketako irudia.