Lagunak Pilota Eskolak antolatzen ditu pala txapelketak, hainbat boluntarioeren laguntzarekin, eta horietako bat da Yoli Mateos. Antolatzen laguntzeaz gainera, txapelketan ere hartu du parte palazale elgoibartarrak eta berak irabazi zuen txapela, Eva Ibarrolarekin bikotea osatuz. Mateos futbolean goi mailan aritutakoa da, eta pilotarako ere trebezia berezia du, hirugarren txapela baitu aurtengoa txapelketa honetan. Eta dio, aurtengo txapelketan maila handiagoa igarri duela. "Bistan da emakumeok gogoko dugula palan jokatzea, eta gainera, denbora gutxian hobera egin du jokalarien mailak". Parte hartu duen bikote kopuruarekin ere pozik dago, eta halako txapelketak antolatzen jarraitzeko pizgarria dela dio.
Emakumezkoen 10. edizioko finalaren ostean jokatu zuten gizonezkoen seigarren ekitaldiko finala. Elgoibartarren eta azpeitiarren arteko lehia estuaren ostean, Ivet Astiazaran eta Igor Albizu lehengusu azpeitiarrak gailendu ziren, Ander Conderi eta Sergio Martinezi 22-20 irabazita. Partida amaieran pozik ziren azpeitiarrak eta baita Azpeititik ekarri zituzten lagunak ere. Garaipenak ilusio handia egin diela azaldu du Astiazaranek eta antolakuntzak eginiko lana goraipatu du. Albizurik duela lau urte ere hartu zutela parte gogora ekarri du eta Kalegoen plazako frontoia "berezia" eta jokatzeko "oso zaila" dela uste du, jokaldia egiteko arriskua hartu aurretik bi aldiz pentsatzera bultzatzen zaituen frontoiadela azaldu du.
Ikus lau irabazleen adierazpenak, finaletako zenbait une eta sari banaketa ekitaldia, bideoan:
∞Lotura duten albisteak:
- Mateos-Ibarrola eta Astiazaran-Albizu bikoteek irabazi dituzte Elgoibarko pala txapelketak (2023-06-24)
- Zehaztuta geratu dira emakumezkoen eta gizonezkoen pala txapelketetako finalak (2023-06-22)
- Hogei bikote ari dira parte hartzen pala txapelketetan (2023-04-20)