Altzolako tren geltokia mantentzearen aldeko kalejira egingo dute zapatuan

Barren 2024ko eka. 21a, 12:49

Altzolan Tren Geltokia Bai plataformak eta Altzola auzo elkarteak antolatuta, tren bidezko garraio publikoaren aldeko kalejira egingo dute zapatuan (ekainak 22) auzoko kaleetan.

Altzolako sanjoan jaien barruan egingo dute kalejira, 17:00etan hasita. Tren geltokian amaituko dute kalejira, parte hartuko dutenen argazkia aterata. Deitzaileek tren geltokiaren aldeko kamisetak jantzita eramateko eskatu diete dituztenei.

Altzolako tren geltokiaren gaia, Aldundian

Altzolan Tren Geltokia Bai plataformako ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa batzordearen bileran hartu zuten parte aurreko astean (ikus hemen agerraldia bideoan), eta Altzolako tren geltokiarekin gertatzen ari dena azaldu zieten batzordekideei. Aste honetako BARREN astekarian duzue agerraldiaren laburpena, eta atzera begirakoa.

Arantza Endeiza, Alfonso Rubio eta Rosa Maria Lozano joan ziren Foru Aldundiko mugikortasun batzordeko batzarrera plataformaren izenean.