Joan den ekainaren 12an batu zen batzordea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Altzolako tren geltokiarekin gertatzen ari dena batzordekideei azaltzeko orduerdiko tartea eduki zutela azaldu dute plataformakoek. Azalpenen ostean, UP, PP, PSE, EAJ eta EH-Bilduko ordezkariek hartu zuten hitza, banan banan. "Galderak egin zizkiguten eta erantzunak eman guk, ordubetez", azaldu dute.
Batzordean parte hartu izanaren helburu nagusia bizi duten egoeraren berri ematea dela azaldu dute herri plataformatik, baina horrekin batera, gaiaren inguruan zer egin den, zer egin duten, zer egingo duten eurek eta Diputazioak zer egitea espero duten ere jakinarazi nahi zieten. "Batzordekideei azaldu genien Elgoibarko Udaleko gobernu taldeak uko egin ziola herriko hiru geltokiak mantentzearen aldeko adierazpen instituzionala idazteari. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari informazio azterlanean jasotakoa betearazteko eskaerarekin laguntzeko eskatu genien, Jaurlaritzak berak onartu baitzuen eskaera hori, eta baita Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu ere. Eurek dakite nola egin eskaera Jaurlaritzari, baina "ebazpen-proposamen" bat tresna egokia izan daitekeela uste dugu guk, eta hala adierazi genien", esan dute.
Honako bideoan jaso dute plataformako kideek Gipuzkoako Batzar Nagusietan eginiko agerraldia. Plataformaren izenean Alfonso Rubiok, Rosa Maria Lozanok eta Arantza Endeizak (goiko irudian) eman zien Altzolaren eta tren gelkokiarekin duten arazoaren berri batzordekideei: