Batetik, emakumezkoen eta gizonezkoen pala txapelketetako finalerdiak jokatuko dituzte, eguenean eta barikuan. Ekainaren 21ean jokatuko dituzten finaletarako txartelak izango dituzte jokoan filanerdietan elkarren aurka arituko diren zortzi bikoteek.
Bestetik, Lagunak Pilota Eskolak Pilota Eguna antolatu du zapaturako, ikasturteari amaiera emateko. 12:30ean hasiko dituzte partidak Kalegoen plazan eta 13:30ak aldera dominak banatuko dizkiete pilota eskolan aritu diren gaztetxoei.
Debarroko txapelketako finalak
Azkenik, domekan ere esku pilota jaialdi dotoreaz gozatzeko aukera izango da plazan. Debarroko Pilota Txapelketa beteranoaren 75. edizioko finalak jokatuko dituzte, 11:00etatik aurrera. Txapelketan parte hartzen duten pilota taldeetako batek antolatzen du txapelketa urtero, eta aurtengoa Lagunak Pilota Eskolak antolatuko du Elgoibarko Udalaren, Udal Kirol Patronatuaren eta Baltasar elkartearen laguntzarekin. Horregatik hartuko ditu finalak Elgoibarrek.
- Kadete mailakoen finala jokatuko dute lehenik: Haritz Etxabe/Aratz Etxeberria (Bergara) Vs Xuban Varona/Ekhi Azpilikueta (Eibar).
- Jubenilen finalean, berriz, bergararrak eta soraluzearrak ailegatu dira finalera: Xabat Otazu/Peru Alberdi (Bergara) Vs Eki Amuategi/Mikel Caramanzana (Soraluze).
- Nagusien finalean soraluzearrak eta eibartarrak lehiatuko dira: Aitor Atxotegi/Manex Balerdi (Soraluze) Vs Ibon Ibara / Ander Agirresarobe.
Bikote elgoibartar bakarra lehiatu da Debarroko txapelketan, Felix Condek eta Igor Txurrukak osatutakoa, nagusien mailan, baina ez zuten lehen fasea gainditzerik lortu.