Elgoibarrek antolatuko du Debarroko Pilota Txapelketa

Barren 2024ko ots. 7a, 20:58

Apirilean hasiko dute Debarroko Pilota Txapelketa beteranoaren 75. ekitaldia, eta ekainaren 16an jokatuko dituzte finalak Kalegoen plazako frontoi zaharrean.

Txapelketan parte hartzen duten pilota taldeetako batek antolatzen du txapelketa urtero, eta aurtengoa Lagunak Pilota Eskolak antolatuko du Elgoibarko Udalaren, Udal Kirol Patronatuaren eta Baltasar elkartearen laguntzarekin. Era honetan, Baltasar Pelotazale Elkartearekin zuen harremana berreskuratuko du Lagunak Pilota Eskolak, eskolatik zehaztu dutenez.


Atzo Baltasar elkartean batu ziren txapelketan parte hartuko duten pilota taldeetako ordezkariak. Debarroko hamar pilota taldek hartuko dute parte aurtengo lehian: Lagunak Pilota Eskola (Elgoibar), Aretxabalreta K.E. (Aretxabaleta), Olalde (Antzuola), Arrasate Pilota Taldea (Arrasate), Aloña Mendi (Oñati), Euskal Jolas (Deba), Bergara K.E. (Bergara), Eibar Klub Deportiboa (Eibar), Soraluzeko P.E. (Soraluze) eta Eskoriatza K.E. (Eskoriatza) izango dira. 


Binaka jokatzen dute txapelketa hiru kategoriako pilotariek: kadete, jubenil eta senior mailakoek. Liga eran jokatuko dute, etxean eta kanpoan neurketak jokatuz. Apirilean jokatuko dituzte lehen partidak eta Elgoibarrek hartuko du finala ekainaren 16an, domeka. Kalegoen plazako frontoian jokatuko dituzte hiru kategorietako finalak, 11:00etan hasita. 
Elgoibarrek bi bikote aurkeztuko ditu lehiara, kadeteen eta nagusien mailan.