Felix Condek eta Igor Txurrukak osatutako bikoteak Harri Oterminek eta Mikel Cagigasek osatutakoa izango du aurkari, elgoibartarren eta bergararren arteko lehian. Zapatuan izango da norgehiagoka, 16:00etik aurrera, Ikastolako frontoian. Condek pilotalekura joateko dei egin die herriko pilotazaleei. "Azken bolaran baxu xamar dago esku pilota Elgoibarren eta bizitasun pixka bat eman nahi diogu. Debarroko Pilota Txapelketa aukera polita da pilotalekura gerturatzeko. Guk, gure aldetik, daukagun dana emango dugu partida ikusgarria egiteko", esan du.
Txapelketan parte hartzen duten pilota taldeetako batek antolatzen du urtero Debarroko Pilota Txapelketa, eta aurtengoa, 75. edizioa, Lagunak Pilota Eskolak antolatuko du Elgoibarko Udalaren, Udal Kirol Patronatuaren eta Baltasar elkartearen laguntzarekin. Elgoibarrek hartuko du finala ekainaren 16an, domeka. Kalegoen plazako frontoian jokatuko dituzte hiru kategorietako finalak, 11:00etan hasita.
Debarroko hamar pilota taldek hartuko dute parte aurtengo lehian: Lagunak Pilota Eskola (Elgoibar), Aretxabalreta K.E. (Aretxabaleta), Olalde (Antzuola), Arrasate Pilota Taldea (Arrasate), Aloña Mendi (Oñati), Euskal Jolas (Deba), Bergara K.E. (Bergara), Eibar Klub Deportiboa (Eibar), Soraluzeko P.E. (Soraluze) eta Eskoriatza K.E. (Eskoriatza) izango dira.
Elgoibarrek bi bikote aurkeztuko ditu lehiara, kadeteen eta nagusien mailan.