Enpresetan euskaraz

Barren 2024ko eka. 7a, 15:07

Arlo sozioekonomikoan euskara gehiago erabil dadin lanean dihardute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak, IMH eta Meka ikastetxeekin batera, eta besteak beste, Lanbide Heziketako ikasleei lan praktikak euskaraz egiteko aukera eskaintzen diete. 

 Horretarako, enpresen inplikazioa ere ezinbestekoa da, eta aurten gora egin du praktikak euskaraz egiteko aukera ematen duten enpresen kopuruak. Praktikak euskaraz egitea aukeratu duten ikasleak ere, iazko aldean, gehiago izan dira, eta horietako biren esperientziak jaso ditugu aste honetako BARREN astekarian; Eider Eturaren eta Julen Garateren bizipenak, jhain zuzen ere.
 
 Elgoibarko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko batu dira Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarra, eta Emunen ahokularitzarekin, Lanbide Heziketako IMH eta Meka ikastetxeekin lanean dihardute. Azken urteetan, euren ikasleei enpresetako praktikak euskaraz egiteko aukera eskaini diete, eta aurten gora egin du praktikak euskaraz egin dituzten ikasleen kopuruak.

  • 271 ikaslek egin dituzte aurten praktikak enpresetan (173 izan dira Mekakoak eta 98 IMHkoak), iaz baino %33 gehiagok, eta horietatik 198k egin dituzte euskaraz (Iaz 110 izan ziren).

Gaur egungo mapan, beraz, gehiago dira praktikak euskaraz egiten dituzten ikasleak, gaztelaniaz edo elebietan egiten dituztenak baino:

  • Mekan 173 ikaslek egin dituzte praktikak, eta 60k euskaraz egin dituzte. Ele bietan egin dituzte 49 ikaslek, eta gaztelania hutsean egiteko hautua egin dute hamabi ikaslek.
  • IMHn, gehiago izan dira gaztelaniaz egin dutenak, baina hala ere, iazkoarekin alderatuta bikoiztu egin da euskara aukeratu dutenen kopurura: IMHko 98 ikaslek egin dituzte praktikak eta horietatik 38k aukeratu dute euskara praktikaldirako hizkuntza moduan (iaz hemeretzi izan ziren).
  • Enpresei dagokienean, Elgoibarko eta Mendaroko enpresetan egindako praktikak ere gehiago izan dira aurten; 55 guztira (iaz, 17).
  • Mekako 22 ikaslek aukeratu dute Elgoibarko edo Mendaroko enpresaren bat praktikaldirako, eta guztiek, gainera, euskaraz egin dituzte praktikak.
  • IMHko ikasleen artean 33 izan dira Elgoibarren edo Mendaron egin dituztenak praktikak, hamahiruk euskaraz eta hogeik gaztelaniaz.
  • Guztira beraz, 35 izan dira Elgoibarko eta Mendaroko enpresetan euskaraz egindako praktikak, eta iaz hamahiru izan ziren.