Iazkoaren errepasoa egin eta 2024an egiten dihardutena azaldu die Elgoibarko Izarrak bazkideei

Barren 2024ko mai. 31a, 14:30

Bazkideen Batzar Orokorra egin zuen atzo Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak.

Dozena bat bazkide bildu ziren Aita Agirre Kulturgunean egin zuten batzarrera, 2023an egindakoa ikusi eta 2024an egiten dihardutenaren gaineko azalpenak entzuteko. Amaia Sastre lehendakariaren agurrarekin hasi zuten bilera. Azaldu ziren bazkideei eskerrak eman ondoren, 2023 urteak emandakoari erreparatu zioten.

Egindako guztia azaltzeak luzeegi joko lukeela iritzita, iazko urteari lotutako lau ideia nagusi azpimarratu zituzten, honakoak:

  1. Elgoibarko Izarrak 60 urte bete zituen iaz, baina urteurrenari lotutako ospakizunik ez prestatzea erabaki zuten, lanean zentratzea nahiago zutelako.
  2. Euskararen Historia Soziala Elgoibarren lana osatu dute Udalak eta Elgoibarko Izarrak elkarlanean (historia soziala). 1950-1990 urteetako euskalgintzaren historia jaso dute eta historia horretako protagonistei esker ona azaldu diete (Egin zenutelako gara!).
  3. Atxutxiamaikari dagokionez, gero eta ekintza gehiago antolatzen eta egiten dihardute herriko elkarte-eragileekin batera.
  4. BARRENi dagokionez, berriz, herritik bailararako ibilbidea arakatzen ari gara, poliki-poliki bada ere.

Lau ideia nagusi horiek jaso ondoren, 2023an egindakoa laburbiltzen duen erretratu-bideoa ikusi zuten. Honako hau:

2024ko ideia nagusiak:

Aurten ere urteroko dinamika eta ekintzekin jarraituko du Elgoibarko Izarrak, bi helburu nagusi betetzeko asmoarekin:

  1. Elgoibartarren artean euskalduntasuna sustatzea.
  2. Elgoibarren euskaraz bizitzeko aukerak eta espazioak ugaritzea.

Horrekin batera lau ideia azpimarratu zituzten: barrura begirakoak dira lehen biak, eta kanpora begirakoak beste biak.

a.- Barrura begirakoak:

  • Bazkideen eta herritarren parte-hartzea eta aktibismoa sustatzea.
  • Elgoibarko Izarraren egitura edo antolamendua errebisatzea. Eta, batez ere, BARREN eta Atxutxiamaika elkartetik kanpo kokatzea aztertuko dute.


b.- Kanpora begirakoak:

  • Elgoibar 2035: gure herria, euskarari dagokionez, hamar urte barru irudikatu nahi dute. Nolako Elgoibar nahi dugu hamar urte barru? galderari erantzun bat bilatzeko, elkarrizketak ardatz izango dituen azterkreta egingo dute, aniztasunean oinarrituta, eta horretarako, besteak beste, Elgoibarko euskalgintza artikulatu nahi dute. "Herri moduan pentsatu, erabaki eta egitea da proposatzen duguna".  
  • Elkarlana eta parte-hartze prozesuak sustatuko dituzte, "jendearekin eta jendearentzat egin eta eragin nahi dugulako!. Sallobenten berdegune bat diseinatzeko prozesua izan daiteke parte-hartze prozesuen adibide bat.


 Horixe izan da aurtengo Batzar Orokorrak eman duena. "Ez da batzar jendetsua izan, baina, besterik ezean, egin dugunaren eta egin nahi dugunaren ikuspegia izateko balio du. Egiten dugunaren dimentsioa izateko, beste modu batera esanda. Asko egin genuen iaz, asko egingo dugu aurten, eta asko eta ondo egiten jarraitu beharko dugu, elgoibartarron euskaltasuna sustatu nahi badugu".