Mahai inguruetan parte hartu zuten sindikatuetako (SME, ESK, ELA, LAB eta SATSE) eta alderdi politikoetako (EH Bildu eta Ahal Dugu) ordezkariei eskerrak eman dizkie plataformak, publikoki, zabaldu duten oharrean, "parte-hartzeagatik eta eztabaidetan erakutsi duten maila altuagatik". Herritarrak ere txalotu dituzte, izan duten parte hartze "aktiboagatik" eta mahai inguruak gidatu zituen Ibon Herrero Morilla kazetariari ere eskerrak eman dizkiote.
Sindikatuetako ordezkariekin egin zuten lehen berbaldia, martxoaren 21ean; eta, EH Bildu eta Ahal Dugu-Podemos alderdietako ordezkariekin bigarrena, martxoaren 26an. Saio horietan Osakidetzaren egungo egoerari buruzko "ikuspegi paregabea" eman zutela erakundea barrutik ezagutzen duten hizlariek nabarmendu du 24/7 Plataformak. "Aurkeztu zituzten datuek Osakidetzak bizi duen errealitate gordina islatzen dute, eta errealitate horrek ez digu ondorioak zuzenean jasaten ditugunoi soilik eragiten. Euren onura ekonomikoa, faboritismoa, klientelismoa lehenesten dutenei eta herritarren beharrei erantzunik ematen ez dutenei ere eragiten die". Diotenez, agerian geratu dira Osakidetzako beharginen lan baldintza prekarioak, "gure osasunaz arduratzen diren horiek merezi duten duintasunek urrun daudenak".
Gogoratu dutenez, langileak lan hitzarmenik gabe daude 2009tik, eta 45.000 langileen behin-behinekotasun tasa %54koa da, eta horren eraginez behera egin du eskaintzen duten zerbitzuaren kalitateak. "Kezkagarria da, proiekzioen arabera, 2024an pertsonako osasun-gastua 2.200 eurokoa izango dela, Estatuko eta Europako batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa", adierazi dute. Itxarote-zerrendetako gardentasun eza eta Osakidetzako erabiltzaileen ikuspegia zein ekarpenak jasotzeko sistemarik ez izatea ere kritikatu diote Osakidetzari. "Premia duten errealitateak dira eta urgentziaz erantzun behar zaie". Horren harira, erabiltzaileek egindako kexak sekula baino gehiago hasi zirela iaz jakinarazi dute. "Osakidetzak 36.060 kexa jaso zituen 2023an, hau da, 2022an baino % 10,3 gehiago, 7.709 kexa eta 28.351 erreklamazio jaso baitziren". "Aipaturiko datuak aintzat hartuta, ulertzen dugu EAJ eta PSE-PSOE alderdi polikoek mahai-inguruetan parte hartzeari uko egin izana, Osakidetzak bizi duen egoeraren arduradun nagusiak diren arren".
24/7 plataformak gauzak hobetzeko erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio Osakidetzari, "herritar guztientzako ahalik eta osasun-sistema hoberena bermatzeko". Antolatu dituzten bi mahai-inguruak inflexio-puntu modukoak izatea gustatuko litzaieke, Osakidetzan "aldaketa esanguratsuak" eman daitezen, "identifikatutako gabeziei helduz eta osasun sistema bidezkoago, gardenago eta herritarren beharretan oinarrituago baten alde lan egingo duena".