24/7 Plataforma Elgoibarko anbulatorioa eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan zabaltzeko borrokan ari da, eta horrekin batera, kalitatezko osasungintza publikoa eskatzen dute. Bi mahai-inguru antolatu dituzte Osakidetzaren egungo egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko. Sindikatuetako ordezkariekin egin zuten lehenengoa joan zen astean, eta atzo izan zen bigarrena, alderdi politikoekin. EH Bilduk eta Podemosek onartu zuten gonbidapen hori. Beraz, Rebeka Ubera eta Wesley Aritz Corsito izan ziren hizlariak.
Haien arabera Osakidetzari osasuna falta zaio, eta arazoa aspalditik datorrela azaldu zuten. Osasungintza kontzertatua eta pribatua sustatzeak kalte handia egin diola Osakidetzari esan zuten, eta uste dute hori dela Jaurlaritzako agintarien estrategia. Pribatizaziorako bidea pausoka egiten ari direla azaldu zuten, poliki-poliki, gizarteari "oharkabean" pasatzeko. Osasun Sailak orain mediku falta dagoela aipatzen du, baina hori ez dela guztiz egia esan zuten atzoko mahai-inguruan, eta ezin dela baieztapen hori bere horretan sinistu. Lan baldintza "txarren" ondorioz, medikuak atzerrira joaten direla lanera esan zuten, eta horregatik falta direla medikuak hemen. Lan kontratu jarraigaibeak aipatu zituzten, eta egonkortasun eza. Horrez gain, lehen arretan osasungintzaren oinarria dela ziurtatu zuten, eta erabat ahaztuta dagoela adierazi zuten. Lehen arretako medikuen kupoak eta burokrazia lanak gutxitzea ezinbestekotzat jo zuten. Bestalde, lehen arretari merezi duen prestigioa eman behar zaiola gaineratu zuten, medikuntza ikasleek espezialitate hori aukeratu dezaten.
Solasaldia bideoan: