Elgoibarko anbulatorioa eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan zabaltzeko borrokan ari den 24/7 plataformako kideek osasungintza publikoari buruzko bi mahai-inguru antolatu dituzte, bata sindikatuetako ordezkariekin eta bestea, alderdi politikoekin.
Atzo egin zuten lehenengoa sindikatuekin, eta hauek izan ziren partaideak: Jose Luis Paulin (SME), Esther Saavedra (ELA), Pilar Mendia (Satse), Jesus Oñate (LAB) eta Eneko Ibarruri (ESK). Osakidetzaren egungo egoerari buruz mediku falta nabarmendu zuten, eta hori prebisio faltaren ondorio dela azaldu zuten. Mediku bat lanerako prestatzeko 11-12 urte behar direla esan zuten, eta hori jakinda, etorkizunerako prebisioa egitea ezinbestekoa dela gaineratu zuten. Horrez gain, egungo sendagileentzako lan baldintza duinak aldarrikatu zituzten, bestela, medikuak atzerrira joateko arriskua dagoelako. Salatu zuten Osakidetzako arduradunei prebisioa falta zaiela.
- BIDEOA: Antolatzaileek sarera igo dute mahai-ingurua jasotzen duen bideoa
Datorren astean, martxoaren 26an, gai bera landuko dute alderdi politikoetako ordezkariekin. Gonbidapena egin diete guztiei, baina EHBilduk eta Podemosek bakarrik onartu dute mahai-inguruan parte hartzea. Beraz, eta Rebeka Ubera eta Wesley Aritz izango dira partaideak. PSE-k eta EAJ-k uko egin diote mahai-inguruan parte hartzeari. Plataformatik azaldu dutenez, PSE-k agenda arazoak zituen baina aurrerago beste hitzorduren batean parte hartzeko aukera zabalik utzi dute. EAJ-k, aldiz, eskerrak eman dizkie gonbidapenagatik, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperatan, hauteskunde kanpaina hasi baino bederatzi egun lehenago horrelako debate bat proposatzea ez dute egoki ikusi. "Sentitzen dugu adieraztea planteatzen diguten proposamena ez dela jendearekin izandako elkarrizketa espontaneo eta natural batetik sortzen, baizik eta edozein elgoibartarrek antzeman dezakeen bezala, alderdi jakin baten estrategiaren barruan kokatzen dela. Beraz, ez, ez dugu parte hartuko EH Bilduren interes eta estrategiari soilik erantzuten dioten eztabaida eta formatuetan, eta gaitzetsi egiten dugu pertsona batzuek gurea bezalako gizarte demokratiko eta aske batean gizarte-mugimenduez eta kezka guztiz legitimoez egiten duten instrumentalizazio partidista. Gauzak argudio arrazoituekin eta fede onez eztabaidatzeko, hurrengo euskal hauteskundeetako kanpainan daukagu".
Plataformak argitu du gonbidapen bera eta baldintza beretan bidali ziela alderdi politiko guztiei, eta penagarritzat jo du EAJk emandako erantzuna; izan ere, euren ustez errespetu falta handia erakusten die euskal osasun zerbitzu publikoaren egoerarekin eta etorkizunarekin kezkatuta dauden Elgoibarko herritar guztiei.
EH Bilduk, bestalde, plataformako kideak zoriondu ditu herritarren kezka nagusienetakoa den gaia mahai gainean jartzeagatik, eta gaineratu dute "biziki sentitzen dutela" PSE eta EAJ mahai horretan ez egotea, elgoibartarrek ezingo dutelako bertatik bertara entzun Jaurlaritza osatzen duten bi alderdi nagusien iritzia.