“Sólo hasta mañana” antzerkia eta asteburuko zinema emanaldiak bertan behera, langileek deitutako greba medio

Barren 2024ko api. 17a, 09:55

'Solo hasta mañana' antzezlana iragartzeko irudia. Arg: Erre Produkzioak.

Herriko Antzokiko beharginek apirilaren 11n hasi zuten greba medio, Udalak bertan behera laga du Sólo hasta mañana antzerkiaren emanaldia; eta, zine emanaldiak ere bertan behera laga dituzte, Ongarrirena izan ezik.

Apirilaren 19an, barikuan, eman behar zuten Sólo hasta mañana antzezlana Elgoibarko Herriko Antzokian. Bertan behera utzitako ekitaldi eta emanaldietarako sarrerak erosi zituztenek bi aukera izango dituzte: alde batetik, sarrerak gorde ahal izango dituzte ikuskizuna berriro programatuko duten egunean erabili ahal izateko, eta bestetik, dirua itzultzeko eskatu ahal izango dute. Sarreren dirua lan-gatazka konpondu ondoren itzuliko dutela zehaztu du Udalak, eta horretarako, dirua bueltan jaso nahi duen orok Herriko Antzokiko txarteldegira joan beharko du, larunbatetan, 18:15etik 20:45era bitartean.


Zine emanaldirik ez; zine kluba bai

Grebaren eraginez, zine emanaldirik ere ez da izango asteburuan. Aldiz, emango dituzte Ongarri zine klubak antolatzen dituen emanaldiak, horietan ez baitute lan egiten greban dauden beharginek. Gaur, hilak 17, Radical filma (Mexiko, 2023) emango dute, 21:00etan.
Sergio Juárez Correa irakaslearen benetako istorioan oinarritutako drama da Christopher Zallak zuzendu duen Radical filma. Irakasle horrek erronka bota zion hezkuntza-sistemari, irakasteko modu berriak sortuz eta ikasleak inspiratuz. 2011 bereziki berotu zen drogen aurkako gerran. Mexikoko mugako herri txiki batean, indarkeriazko krimenez, pobreziaz eta ustelkeriaz josia, hezkuntza-panorama iluna zen, eta eskola Mexikoko ikastetxe desiragarrienetako bat. Irakasle berri batek horri guztiari egin behar dio aurre, eta are gehiago lehen hezkuntzako ikasleei eskola horretan irakasteko izena ematen duenean. (ikus filmaren aurrerapen-bideoa)

Lotura duten argazkiak: