Bederatzi bikote lehiatu dira urtarrilaren 21ean hasi zuten Binakako Master Laboral Kutxa pilota txapelketan, eta gaur txapelketako lau bikoterik onenak izan direnak lehiatu dira Elgoibarren jokatu dituzten bi finalerdietan.
Aurreneko finalerdian Arrizabalaga-Erasunek Beitia-Mendizabalen aurka jokatu dute eta Arrizabalagak eta Erasunek lortu dute finalerako txartela, finalerdia 22-14ko emaitzarekin irabazita. Ez dute partida ona jokatu, egindako tantoak baino huts gehiago egin baitituzte lau pilotariek. Olatz Arrizabalaga bosgarrengoz arituko da binakako finalean eta estreinakoz arituko da Itsaso Erasun.
Martxoaren 17an Arrasaten jokatuko duten finalean Maddalen Etxegaraik eta Ainara Gamindek osatutako bikotea izango dute aurkari, bigarren finalerdia irabazi duen bikotea. Finalerdia aldapa gora hasi dute Etxegaraik eta Gamindek, 0-8 galtzen hasi baitira eta partida hasiera txarrari buelta eman beharra izan diote. Amaia Aldai aurrelaria jokoz kanpo lagatzea izan da markagailuari buelta emateko erabili duten taktika eta Arrate Bergara atzelariari kargatu diote jokoa atzeko koadroetan, pilotari jo eta jo arituta. Errukirik gabe zigortu dute atzelai tuterarra, eta hamabinako berdinketaren ostean aurrea hartu dute markagailuan, eta 22. tantoa egin arte eutsi diote. 16an laga dituzte aurkariak.
Duela lau urte ere, 2020an, Elgoibarren jokatu zituzten txapelketa honetako finalerdiak.
Hona pilota jaialdia, argazkietan: